Rikardo Arregi kazetaritza saria jasotzeko finalisten artean da Jon Artano

Iraia Oteiza 2024ko aza. 6a, 11:44

Jon Artano, 'Juana' liburuarekin.

Azaroaren 27an banatuko dituzte aurtengo Rikardo Arregi sariak, Andoaingo Bastero kulturgunean. Bi sari nagusi emango ditu epaimahaiak, Kazetaritza saria eta Komunikazio saria, eta Kazetaritza saria jasotzeko finalisten artean da zestoarra, argitaratu duen Juana liburuarengatik.

Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatuko dituzte azaroaren 27an, eta gaur jakinarazi dituzte sariak jasotzeko lehian ariko diren finalisten izenak. Bi sari nagusi emango ditu epaimahaiak: Kazetaritza saria bata, eta Komunikazio saria bestea; irabazle bakoitzak 9.000 euro jasoko ditu. Bi sarietarako launa finalista izendatu ditu epaimahaiak, eta horien artean da Jon Artano zestoarra. Zehazki, Kazetaritza saria jasotzeko izendatuen artean dago Artano, argitaratu duen Juana liburuarengatik. 

Jon Artanok 2023an plazaratu zuen bere estreineko liburua, Juana izenburupean. Euskal jatorria zuen Juana Pereari eta haren familiari gertatuak bildu zituen 160 orrialdeko lanean. Gizon armatu batzuek erail zuten Perea 2020an, Kolonbian.

Epaimahaiak nabarmendu duenez, "Artanok bere kazetaritza dohainak eta baliabide oro erabili ditu erailketa hura argitzeko, Kolonbiako Nuqui inguruan ezagunak diren gatazka ekologikoak aipatzeko eta hori guztia Perearen sendiaren historiaren barruan kontatzeko. Liburu interesgarria osatu du, nobela beltz moduan irakurtzen dena".

Artanorekin batera, honako hauek dira Kazetaritza saria eskuratzeko lehian izango diren beste finalistak: June Fernandez, Argia aldizkarian argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik, Maite Asensio, Amaia Igartua eta Isabel Jaurena kazetariak Berria hedabidean argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortagatik eta Bada hedabidea. Bestalde, honako hauek izango dira Komunikazio saria eskuratzeko lehian: Ikusgela Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen proiektua, Berria hedabidearen Ezer ez eta festa podcasta, Ez hain ondo EITBren bideopodcasta eta Euskalerria Irratiaren Flop Kultura podcasta.

Ohorezko mugarria

Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean egingo dute sari banaketa ekitaldia, eta aurtengo saridunak nortzuk diren jakinarazteaz gain, ohorezko mugarria ere entregatuko dute han. Hain zuzen ere, Ana Galarraga zientzia komunikatzaileak jasoko du mugarria.

Finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria), Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria), Marta Lasa Goñi (mahaiburua eta Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna), eta Arantza Aguado Perugorria (idazkaria eta Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide