Irail hasieran aurkeztu zuen Iñaki Iturain oriotarrak bere lehen narrazio liburua, Denboraren zubia. Donostian izan zen lehen aurkezpena, eta Orion ere jendarteratu zuen hilabete horren amaieran. Gaur, aldiz, Zarautzen aurkeztuko du, Photomuseumen. 18:00etan izango da aurkezpena, Pat Cowiek gidatuta, eta doakoa izango da sarrera.
Erein argitaletxearekin argitaratu du zazpi ipuinez osatutako lana, eta aurrez idatzitako beste liburu bat du oinarri. Izan ere, Iturainek urteak daramatza Orioko historiari buruzko kazetaritza eta ikerketa lanak egiten, batez ere 1936ko gerraren ingurukoak, eta gaiaz memoria historikoaren alorreko liburua argitaratu zuen 2014an, Gerra bat barruan degula izenburupean. Lan hark ez zuen asebeteta utzi, eta orain, kazetaritza lana alde batera utzi, eta fikzioranzko zubia pasata, borobildu egin ahal izan du lan hura.
Horrela azaldu du Iturainek: "Lehen lan hori bukatzearekin batera, gelditu zitzaidan zenbait gauza jakiteko grina asegabea, gertaerak zergatik eta nola etorri ziren, alde ezkutua ezagutzeko harra. Ordurako berandu zen, protagonistak hilak ziren denak. Eta konturatu nintzen hori literaturak bakarrik erantzun zezakeela, fikzioak, benetako gertaeretan oinarritutako istorio asmatuak. Eta bide horretan abiatu nintzen orduan, orain hamar urte. Eta hainbat ipuin, istorio edo narrazio sortu nituen".