Iñaki Iturainek etxean ere aurkeztu du 'Denboraren zubia' liburua

Onintza Lete Arrieta 2024ko ira. 27a, 09:30

Iñaki Iturain liburuaren egilea eta Aritz Pardina elkarrizketatzailea, atzo, kultur etxean. (Onintza Lete Arrieta)

Atzo iluntzean kultur etxean aurkeztu zuen narrazio liburua herritarren aurrean. Aritz Pardina filosofo eta idazleak egin zion elkarrizketa, eta ondoren, bertaratu zirenek galderak egiteko aukera eduki zuten.

Irail hasieran Donostian bezala, atzo etxean, Orioko kultur etxean, aurkeztu zuen bere lehen narrazio liburua Iñaki Iturain historiazale eta euskalzale oriotarrak. Denboraren zubia izenburupean, Erein argitaletxearekin argitaratu du zazpi ipuinez osatutako lana, eta jada eskuragarri dago herriko liburu dendetan.

Iturainek urteak daramatza Orioko historiari buruzko kazetaritza eta ikerketa lanak egiten, batez ere 1936ko gerraren ingurukoak, eta gaiaz memoria historikoaren alorreko liburua ere argitaratu zuen 2014an, Gerra bat barruan degula izenburupean. Lan hark ez zuen asebeteta utzi, eta orain, kazetaritza lana alde batera utzi, eta fikzioranzko zubia pasata, borobildu egin ahal izan du lan hura.

Atzoko aurkezpenak elkarrizketa formatua izan zuen, eta Aritz Pardina filosofo eta idazle gaztea arduratu zen galderak egiteaz. Hain justu, biak dira Aia-Orio Guka aldizkariko kolaboratzaileak, eta Pardinak berak egin dio urriko aldizkarirako elkarrizketa ere; datorren astean banatuko dute etxez etxe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide