Zarauzko Euskal Jaien mendeurrenaren harira, Telmo Esnal zinegile zarauztarrak Euskal Jaia 100 urte! bideoklipa osatu du, makina bat herritarrekin batera, eta gaur eguerdian Modelo aretoan aurkeztu du bere sortze lanaren emaitza. Arantxa Aldalur aritu da aurkezle lanetan, eta bertaratu direnak testuinguruan jartze aldera, komentatu du Zarauzko Udalak Esnali bideo bat egiteko proposatu ziola urteurren biziki bereziaren aurrean, eta hark erronkari eutsi ziola.
Zinegileak eskertu egin dio udalari "aukera" berari emateagatik. "Euskal Jaien 100 urte hauek nola irudikatuko nituzkeen galdetu zidaten, eta hasieran pentsatu nuen berriro ere lana ematen ari zitzaizkidatela. Proposamena hor zegoen, eta irudi zaharrak hartu eta bideo bat egiten hastea erabaki nuen", azaldu du. Gakoa, ordea, musikan zegoen.
Abesti baterako hitzak
"Goiz baten, kantu marmarrean hasi nintzen: alpargata, korpiñua, txalekua... Zuzenean ordenagailura joan eta abesti baterako hitzak idatzi nuen bat-batean. Idatzitakoa irakurtzen hasi ahala, melodiatxo bat atera zitzaidan, eta nik abestuta bidali nuen udalera", kontatu du Esnalek. Hori izan zen abiapuntua; izan ere, jarraian etorri zen Xabier Zabala musikaria, abestiaren moldaketa osoaz arduratu dena, eta kamera aurrean nahiz atzean aritutako guztiak. Muntaketaz arduratu den Manex Artolari aipamen berezia egin dio, gaurko aurkezpenean bertaratzeko aukerarik izan ez duena. Esker hitzak izan ditu, ezbairik gabe, grabazio prozesuan kantuan aritutakoak, baita musikariak ere.
Prozesu zoragarria izan dela azpimarratu du sortzaileak, eta "mendeurreneko bideoklip ofiziala" egiteaz gain, making off-a ere landu dute. Hain justu ere, biak ikusteko parada izan da gaur eguerdian Modelon.
Lehen aurkezpen nagusia
Telmo Esnalek hitza hartu aurretik, Xabier Txurruka alkateak gogora ekarri nahi izan du duela hiru hilabete inguru Andoni Egaña bertsolariarekin izandako solasaldia. Kafea hartzen ari zela, aldameneko mahaitik txapeldun handiak gogoratu zion sei hilabete baino ez zirela falta Euskal Jaien mendeurrenerako: "Mendeurrena zela eta, Iturengo joareak emozioz gainezka zeudela esan zidan Egañak, eta kristoren festa nahi dutela ospatu. Iturenen halako ilusioz ikusita, herrian ez zuela sumatzen halako zirrararik".
Alkateak jada martxan jarrita daudela erantzun zion, hainbat eragile, elkarte eta herritarrekin guztia prestatzeko. "Lehenengo aurkezpen nagusia gaurkoa da, mendeurreneko bideokliparena, eta bertan Andoni Egañak ere hartu du parte". Irune Urbieta Kultura zinegotziak proiektuan parte hartu duten guztien izenak aipatu ditu banan-banan, bakoitzak egindako ekarpena eskertze aldera, behin bideoklipa ikusi ondoren.
Jarraian, Telmo Esnali berriro oholtza gainera igotzeko eskatu dio, eta bertan Euskal Jaien mendeurreneko logoa daraman zapia jarri dio Urbietak oroigarri gisa. Bestalde, parte hartze guztiei pendrive bat oparituko diete bi bideoekin, eta abestiaren partiturekin, zenbait musika tresnekin joan ahal izateko. Zinegileak jakitera eman duenez, "nire lanetan garrantzitsua da transmizioa, eta oraingo honetan ere bide hori jarraitu nahi izan dugu. Batzuek abiatu zutenarekin jarraitzen dugu guk. Beraz, pixkanaka-pixkanaka abestia zabaltzea da asmoa, orain bideoarekin eta gero partiturekin".
Txurrukak eskerrak eman dizkio sortzaileari eta proiektuan parte hartu duten guztiei, "herritik eta herriarentzat" egindako ikus-entzunezkoa egi bihurtzeagatik. Aldi berean, biziki aitortu nahi izan du Esnalen lana, "beste behin ere bihotza ukitzeko moduko obra nagusia egiteagatik". Zinegileak kontuz ibiltzeko esan du, norbaitek abesti "pegajosoa" dela esan baitio: "Jakina, pegadizoa esan nahiko zuen".