Voxekoek informazio mahaia kendu behar izan dute herriko gazteek presionatuta

Aritz Mutiozabal eta Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 26a, 15:35

Eguzkiko autobus geltokiaren ondoan jarri du postua alderdi ultraeskuindarrak, eta kalearen bestaldean hainbat herritar bildu da horiei oihu egin eta handik alde egiteko esanez. Ertzainak bertaratu dira, baina istilurik ez da egon, eta Voxekoek alde egitea erabaki dute.

Tentsio uneak izan dira gaur goizean Zarautzen Eguzkiko autobus geltokiaren inguruan. Izan ere, informazio mahaia jarri dute han Vox alderdi ultraeskuindarreko kideek, eta kalearen bestaldean herriko hainbat gazte elkartu da haiei oihu egin eta alde egiteko esanez. Faxistak kanpora esanez aritu dira, besteak beste.

Ertzainak bertaratu dira, eta bi aldeetan jarri dira Voxekoak babesteko eta gazteei handik mugitzen ez uzteko. Istilurik ez da egon, eta Voxekoek mahaia jaso eta alde egitea erabaki dute gazteek egindako presioaren ondorioz.

Ekainaren 9an egingo dira Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta alderdiek hasita dute hauteskunde kanpaina. Voxek Zarautzen horregatik jarri du postua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide