Biziberritu Amenabarren balentria eta Aritzbataldeko igoera fase osoa, bideoan

Jabi Gonzalez Toston - Gorka Eizagirre 2024ko mai. 20a, 11:30

Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloik ataleko gizonezkoen lehenengo taldeak ostiraletik igandera bitartean etxean jokatu duen igoera faseak emandakoaren laburbildu du Gukak.

Amenabar Zarautz eskubaloi taldea Zilarrezko Mailan arituko da datorren denboraldian; izan ere, Aritzbatalde kiroldegian jokatutako igoera fasea irabazi du. Emozioz beteriko eskubaloi festa izan da asteburukoa, ostiraletik igandera goraino beteta egon baitira Aritzbataldeko harmailak. Etxeko taldeak, gainera, azken unean  lortu zuen atzoko sari preziatua eta lehertu egin ziren harmailak. Zaleen animoek bultzatu zuten taldea helburua betetzeraino eta Aitor Zulaika jokalariak penaltiz egin zuen golari esker lortu zuen Amenabarrek mailaz igotzea.

Ez da bide laua izan Zarauzko taldeak egin behar izan duena iaz galdutako mailara itzultzeko. Lehenengo Maila Nazionalean bere multzoko talde onena izan ondoren, Cordoba, Granollers eta Sant Cugaten aurka aritu behar izan du igoera fasean. Guztiak ere maila handiko taldeak. Azkenak, gainera, zale ugari ekarri ditu Katalunia aldetik.

Cordobaren aurka ekin zion faseari Amenabarrek ostiralean, eta gol askoko partida borrokatua jokatu zuten. Azkenean, etxekoak nagusitu ziren gol bakarraren aldearekin: 40 eta 39. Larunbatean, berriz, ezinean aritu ziren zarauztarrak Granollersen aurka eta halakoxea izan zen markagailuak partida amaieran erakutsi zuen emaitza ere 28 eta 35 kanpotarren alde. Aurrez, Cordobak Sant Cugat menderatu zuenez, eta azken honek Granollers lehenengo egunean, fasean parte hartu duten hiru taldeak iritsi ziren mailaz igotzeko aukerekin igandeko jardunaldi erabakigarrira. Bina punturekin guztiak.

Hala, Amenbarrek bere partida irabaztea eta Granollersek galtzea edota berdintzea behar zuen mailaz igotzeko. Zarauzko zaleak, beraz, Cordoba zale ere izan ziren egun batez. Bada, andaluziarrek ongi bete zuten harmailak eskatutakoa eta aise garaitu zuten Granollers 13 golen aldeagatik. Ondoren, etxeko taldeak bere lanak egin zituen eta 34 eta 33 irabazi zion Sant Cugati. Hori bai, kostata lortu zuen garaipena. Azken unean eta penaltiz, esan bezala. Emozioa ez ezik epika ere izan du, beraz, Amenabarren balentriak. Halaxe ospatu zuten jokalariek harmailarekin elkartuta, eta, herrian ere luzatu zuten festa gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide