Kimu mailako mutilen eta nesken futbol txapelketak jokatu zituzten egunean zehar, eta eguraldi makurra eginagatik, giro ederrean egin zuten futbolaren bueltako festa.
Mutilek, Jose Angel Iribar Txapelketa jokatu zuten goizean zehar, eta Zarautz nagusitu zen.
Euskal Herriko bi futbol talde indartsuenek, Realak eta Athetikek ez zituzten kimu mailako Zarautz Kirol Elkartearen mutilak kikildu, eta etxekoek irabazi zuten etxeko futbol txapelketa.
Hain zuzen, Alkar A taldeak Athletic nahiz Reala menderatu zituen. Finalaurrekoetan, 3na amaitu zuten Zarautzek eta Athetickek eta penaltietan eskuratu zuten finalerako txartela zarauztarrek. Finala ere penaltietan erabaki zen, eta emozioz betetako jaurtiketen ostean, Zarautz nagusitu zen markagailuan.
Lagun Onak, berriz, laugarren sailkatu zen txapelketa ederra eginda. Finalaurrekoan, Realak kaleratu zuen Azpeitiko taldea, partida estu baten ondoren, eta hirugarren eta laugarren posturako lehian Athletic nagusitu zitzaien azpeitiarrei. Hori bai, Lagun Onakeko Manex Aurrekoetxea atezaina izendatu zuten txapelketako onena, eta saria jaso zuen Jose Angel Iribarren eskutik.
Partida artean, gustura eta irabazteko gogoz agertu ziren Zarautzeko eta Lagun Onakeko futbolariak:
Jende ugari bertaratu zen Astira txapelketaren barruko partidak ikustera, eta giro ederra sortu zen harmailetan. Handik ikusi zuen finala Jose Angel Iribarrek.
Arratsaldean jokatu zuten emakumeen sariketa, eta Reala izan zen garaile, Goierri Gorriri penaltietan irabazita. Zumaiako sailkatu zen hirugarren. Jokalari onenaren saria, berriz, Goierri Gorriko Lizar Garmendiak jaso zuen.
Kimu mailako neskak ere pozik aritu ziren futbolean, baina batzuek aitortu zuten gogorra ere egin zitzaiela.
Larunbatez jarraituko du Aste Santuko futbol txapelketak, eta egunean zehar infantil mailako partidak jokatuko dituzte.