Giro ederra izan da gaur eguerdian Zarautzen, han jokatu baitute Euskotren eta Eusko Label ligetako Zarauzko Estropadetako bigarren jardunaldi erabakigarria.
Orio Orialkiko neskak nagusitasunez aritu dira gaurkoan, eta beste bandera bat etxeratuta amaitu dute liga. Horrenbestez, Zarauzko ikurriña oriora eraman dute Patxi Francesen neskek.
Gizonezkoetan, atzoko estrropadaren eta eztabaidaren ostean, lehia bizia aurreikusten zen gaurko, eta zaleek urduritasunez jarraitu dute gaurko jardunaldia.
Sekulako ikuskizuna eskaini dute Hondarribiak eta Urdaibaik, baina azkenean, gorabehera handiko lehian bi ehuneneko aldeak erabaki du eguneko irabazlea. Hondarribia izan da gaurkoan lanak aurrena amaitu dituena. Bigarren, ordea, Urdaibai izan da, eta atzo lortutako hiru segunduko errentak balio izan dio Zarauzko Ikurrina irabazteko. Izan ere, bi jardunalditako onenak etxeratzen du bandera. Orio laugarren geratu dira, Donostiarraren atzetik.
Eguraldia lagun, jardunaldi polita izan da gaurkoa, eta jende ugari bertaratu da Zarautzera estropadaz gozatzera. Zenbaitek bertatik bertara jarritu dute jardunaldia, beste askok, ordea, nahiago izan dute udaletxe plazako pantaila handitik jarraitu, eta han ere festa giro ederra sortu da.