Beroa, jan-edana eta umore ona protagonista, Euskal Jai Egunean

GUKA Telebista 2023ko ira. 9a, 18:57

Bero iritsi da aurtengo Euskal Jai eguna zarautzera, eta herritarrek ere harrera beroa egin diote horren kuttuna duten jaiari. Goizetik jendetza atera da kalera baserritar jantziak soinean, eguna behar bezala igarotzeko eta sabelak betetzeko orgatxoa alboan, edariz eta jakiz beteta. Betiko ohiturei jarraituta osatu dute gaurko goizeko egitaraua. Frontoi Txikiko Goiztiarren ekitaldian adin guztietako herritarrak elkartu dira, pilota jaialdiaz gozatzeko. Munoa plaza ere jendez bete da 12ak jotzerako. Eguzkiak gogor jotzen zuen arren, jendetza bertaratu da Munoara, Alprojaren antzezlana ikusteko. Zarauzko antzerki taldekoek Jainkoen Laratza izeneko lana eskaini dute gaurkoan, eta ohi bezala harrera bikaina egin diete herritarrek. Bitartean, herritarrek jan-edanerako aprobetxatu dute goiz eguerdia, eta asko izan dira trikitiaren eta panderoaren doinuetan dantza egitera animatu direnak. Musika plazan, esaterako, urtero bezala erromeria izan da trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin. Gaurko eguneko beste hitzordu berezitako bat orga txapelketa izaten da, eta asko izan dira haien karrotxoekin plazara hurbildu direnak. Sari banaketa eginda, festaz gozatzen jarraitu dute zarauztarrek. Eguzkiaren beroari, umore onez erantzun diote zarauztarrek, eta festa giro ederra sortu da kalean. Arratsaldean ere izango da zer egin eta zertaz gozatu Zarauzko Euskal Jaian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide