Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024ko egutegia banatu du Azpeitian eta Zarautzen

GUKA Telebista 2023ko abe. 24a, 11:11

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gabonetako kanpainaren barruan, erakundeak urtero antolatzen duen argazki lehiaketako argazkiekin osatu duten 2024ko egutegia banatzen aritu dira azken egunotan Azpeitian eta Zarautzen. Ostiralean Azpeitiko Olazko Amaren Plazan aritu ziren egutegiak oparitzen, eta atzo, larunbata, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan. Opari itxurako edukiontzi handi bat jarri zuten bi herrietan, eta han ehunka egutegi banatu zituzten herritarren artean. Guztira, 479 argazki aurkeztu dituzte lurraldeko argazkilariek lehiaketara, eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteak hamahiru hautatu ditu horietatik: bat, garailerena, egutegiaren azalean jartzeko; eta beste hamabi hilabete bakoitzerako. Hain justu, Alberto Beloki argazkilari azpeitiarraren eta Arbil Iciar argazkilari zarauztarraren argazki bana hautatu dute egutegirako. Lehiaketan saritu duten argazkiaz hitz egin du zarauztarrak. Egutegiak banatzeaz gain, aldundiak irribarre bat elkarbanatu nahi du herritarrekin; hori da Gabonetako kanpainarekin eskualdez eskualde zabaltzen ari diren mezua. Horretarako, edukiontzian photocall bat ere jarri dute, herritarrek beraien irribarreak zabal ditzaten. Egutegia jaso duten herritarrak ere gustura agertu dira egutegia jasota.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide