Eguraldiak baldintzatuta egin dute Errege Magoen kabalkada

Mireia Galarza Bastida 2024ko urt. 5a, 20:42

Eguraldia nahi bezalakoa izan ez bada ere, asko izan dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar eta euren karroza berriak ikustera kalera irten diren familiak. Santa Anan hasi eta Lege Zaharren Enparantzan amaitu dute ibilaldia.

Eguraldiak guztiz baldintzatu du gaurko Errege Magoen desfilea. Izan ere, eguardian hasi du euria, eta harrezkeroztik ez da gelditu ere egin. Hori dela eta, ibilaldia moldatu behar izan dute Schola Cantorumeko kideek. Santa Anan hasi dute desfilea, Kale Nagusitik barrena ibili dira ondoren, eta handik San Frantziskon buelta eman eta Lege Zaharren Enparantzan amaitu dute ibilaldia Errege Magoek. Zorionez, ibilaldian zehar ez du egin apenas euririk, eta euritakoak karameloak jasotzeko erabili dituzte gehienbat ikusleek. 

Eguraldiak ez du zapuztu, ordea, herriko txikienen ilusioa, ezta Meltxor, Gaspar eta Baltasarren karroza berriak ikusteko gogoa ere. Gogoz itxaron dituzte haurrek kolore biziz eta argi dotorez apaindutako tramankuluak. Ohi bezala, geldialdiak egin dituzte Torre Luzean eta Lege Zaharren Enparantzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide