Azaroak 25

"Haserre" agertu dira dozenaka herritar Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 25a, 14:30

Koordinadora Feministak deituta, manifestazio jendetsua egin dute eguerdian herriko kaleetan. Halaber, osteguneko greba feminista orokorrarekin bat egin dute.

Herritar asko eta asko izan dira Zarauzko Koordinadora Feministak eguerdirako deitu duen protestarekin bat egin dutenak. Hala, herriguneko kaleak hartu dituzte Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak! zihoen pankartari segika manifestazio jendetsua egiteko. Lege Zaharraren Enparantzan hasi eta amaitu dute ibilbidea, eta, bidean, ozen oihukatu dituzte aldarri feministak.

Legez Zaharren Enparantzara atzera berriro heldu direnean, adierazpena irakurri dute Koordinadora Feministako kideek eta argi adierazi dute "haserre" daudela: "Nazkatuta gaude nazkatuta gaudela esateaz, erailketak zenbatu eta salatu behar izan ditugun beste urte bat izan delako amorratuta, eta, erasoak egunero ikusi eta jasan behar izan ditugulako sutan".

Horren aurrean, "Euskal Herriko Mugimendu Feministaren borroka eta ibilbidea" goraipatu dituzte, haiei esker, "aldaketak" eman direlako jendartean. Nolanahi ere, emandako aldaketa gehienak "azalekoak" izan direla deitoratu dute: "Sistema kapitalista, hetero-patriarkal, kolonialista eta arrazistak bere horretan jarraitzen du. Sistema hori bera da indarkeria matxista ahalbidetzen duen egitura".

Hori horrela, benetako aldaketa eman dadin, horrek egiturazkoa izan behar duela azpimarratu dute: "Indarkeria matxistarekin amaitzeko estrategiak integrala izan behar du eta aldaketak plano guztietan exijitu behar ditugu eta bakoitzerako estrategiak martxan jarri; izan ere, badakigu egitura aldatzeak ahalbidetu dezakeela aldaketa kultural oso bat".

Bada, bide horretan, hain justu ere, azaroaren 30ean berriro aterako direla gogoratu dute: "Zaintza zerbitzu publikoen pribatizazioa ere indarkeria delako, eta, indarkeriaz beteriko bizitzak izateaz nazkatuta gaudelako. Argi dago arrazoiak soberan ditugula kaleak hartzeko eta antolatzen jarraitzeko. Sistema hau irauli arte ez dugu amore emango".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide