Etxebizitza eskubide unibertsalaren alde eta espekulazioaren kontra deitutako greba orokorrak eragin nabarmena izan du gaur Urola Kostan. Milaka herritarrek egin dute bat eskualdean etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioaren aurka egin den greba orokorrarekin. Arratsalderako deituta zeuden eguneko mobilizazio nagusiak eskualdean, eta gaurko greba orokorreko aldarri nagusiak kalerik kale zabaldu dituzte Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian egin dituzten manifestazio jendetsuetan.
Kalerik kale ibili eta gero, herriko plazetan amaitu dituzte mobilizazioak. Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, langile klasea pobretzearen "arrazoi nagusienetako bat" da etxebizitzarena, eta etxebizitzaren inguruko negozio espekulatiboaren hazkundearen eraginez, gizartean "arrakala sozioekonomikoa zabaltzen" ari da.