Domu Santu bezperan, azken urteetan ume eta gaztetxoen artean ohikoa bihurtu da kalera mozorrotuta ateratzea, mamuz, sorginez, hiltzailez edota bestelako izaki beldurgarriz jantzita jolasean eta han-hemenka gozoki eske ibiltzeko. Nazioarteko hainbat herrialdetan ospatzen den Halloween jaia aski sonatuak zipriztindu ditu inguruko txokoak, baina aldi berean, Euskal Herrian ia ahanzturan eroria zen beste ospakizun batek ere indar handiz hartu ditu kaleak urte gutxian: Gau Beltzak edo Arimen Gauak. Ez da harritzekoa, beraz, batzuk Scream filmeko pertsonaiaz mozorrotuta, eta besteak abarkak, baserritar jantziak eta lastozko txapela soinean dituztela ikustea. Beste hainbatetan bezala, Azkoitian ere antzeko argazkia atera ahal izango da aurten, lehenengoz antolatu baitute herrian lekua hartu nahi duen Gau Beltza.
Guraso batzuen kezkatik abiatuta, Azkoitiko Euskara Mahaiak ikasturte hasieratik egindako lanaren emaitza da larunbatean Azkoitian aurrenekoz ospatuko duten festa. Naroa Olalde eta Iñaki Astigarraga dira lanketa horretan aritu diren gurasoetako bi, eta hain zuzen, umeek egun horren bueltan izaten duten "jolasteko gogoa" izan da Gau Beltza antolatzeko txinparta piztu duena. "Maxixatzen euskara elkartearen duela bi urteko batzar batean, guraso batek adierazi zuen umeak beldurraren bueltan jolasean ibiltzen zirela data horretan, mozorrotuta eta sustoak ematen. Haurren eta gaztetxoen artean jolasteko gogoa nabaria zela azaldu zuen hark, eta euskara erdian jarrita, Arimen Gauari geuk ekiteko unea zela esan zuen", kontatu du Astigarragak. Hain zuzen, Olalde izan zen batzar hartan ideia mahai gainean jarri zuen gurasoa, honako kezka honekin: "[Iñaki] Iurrebasok egin duen doktore tesian esaten den moduan, ez badugu ezer egiten, gizarteak, automatikoki, erdaratu egiten gaitu. Jai honen bueltan, etxean bizi izan dut hori: 9 eta 5 urteko seme-alabak ditut, eta helduena, behintzat, egun honen bueltan mozorrotu egiten da. Halloween kutsuko mozorroez janzten dira, eta dendetan 'saria edo ziria' esanez gozoki eske ibiltzen dira, besteak beste, sareetan halakoak ikusten dituztelako".
Herriko ume askoren artean urriaren 31ko gaua ospatzeko nahia bazegoela ikusita, gurasoen ideia Euskara Mahaira eraman zuen Maxixatzenek, eta hala, azken asteetan komunitatean joan dira ontzen ospakizuna. Era berean, guraso gehiagoren kezka ere sumatu dute Gau Beltzaren inguruan, aita zein ama "dezente" batu baitira estreinako jaia antolatzera. "Gauza berriak egiteko gogoz zegoen jendea inguratu da, gurasoen artean interes eta ilusio pixka bat sortzen duen gaia dela ohartu gara. Aurrera begira, iruditzen zaigu Gau Beltza ekintza aproposa dela herriko eragile gehiago batzeko eta elkarlanean aritzeko".
"Barru-barruraino"
Bizilore eskola aktiboan, esaterako, urteak daramatzate Gau Beltza ospatzen, eta hango guraso Astigarragak azpimarratu du "emozio handiko" gaua izaten dela urriaren 31koa, "barru-barruraino" iristen dena. Heriotzak zein beldurrak sortzen duten zirraraz jakitun, hain zuzen, izuaren osagai guztiak izango ditu Azkoitiko lehen Gau Beltzak, antolatzaileek ospakizun "xumea bezain polita" prestatu baitute, batez ere umeengan arreta jarrita. "Egun hori elkarrekin zerbait egiteko eta sortzeko baliatu ohi da, eta iluntasunak, heriotzak zein beldurrak badute xarma berezi bat umeentzat. Gau Beltza, beraz, aitzakia polita izan daiteke herritarrak elkartzeko eta komertziala ez den zerbait egiteko", esan du Olaldek.
Beste balio batzuekin batera, beraz, komunitate sena ere indartu nahi dute etziko ospakizunarekin, eta hala, batzen diren guztiak batera ibiliko dira, eta ez taldeka banatuta. Hain zuzen, kalejira egingo dute guztiek batera, hutsik dagoen Ugarteigaran baserriaren ondotik hasita plazaraino, tartean, Matadeitik igaroz. Antolatzaileen esanetan, baserrietatik elizara arteko antzinako gorputz bideak jarraitu nahi izan dituzte kalejiraren ibilbidea diseinatzeko, baina ez dute horien erregistrorik aurkitu, eta beraz, herriak ematen dituen aukeren barruan, ahalik eta biderik "zirraragarriena" egiten saiatu dira. Behin plazara iristean, beldurrezko ipuin kontaketa saioa izango da, eta ondoren, gaztaina erreak banatuko dituzte. Beldurrak idazteko eta horiek erretzeko txoko bat ere egokituko dute antolatzaileek: "Esaten da neguko festak barrura begiratzekoak direla, eta beraz, bakoitzak pentsa dezala zer beldur duen, ondoren sutara botatzeko". Erritu horrekin borobilduko dute Gau Beltza Azkoitian.
Aurtengo Gau Beltza "saiakera bat" izango dela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, ez dakite ospakizunak herritarren zer erantzun izango duen, ezta larunbat gauean herrian zer-nolako irudia ikusi ahal izango den ere. "Guraso batek esan dit haren semeak asmoa duela larunbatean kalejiran ateratzeko, baina ondoren gozokiak eskatzera joango direla. Agian, eskutatik joango zaigu hau guztia, eta azkenean, gurea ere Halloween bihurtuko da". Ordea, herritarrei, batez ere haurrei eta gaztetxoei, bestelako aukera bat eskaini nahi diete Domu Santu bezperarako; herrian aukera bat eta bakarra egon ez dadin, urriaren 31 beste modu batera ospatzeko bidea ere izan dezaten haiek. "Nahiko genuke, gutxienez, herritarrek jakitea gau horrek izen desberdinak dituela, eta bakoitzak bere esanahia duela. Datorren urtean, gure saiakerak gorputza hartzen badu, festa handiagoa ospatzeko moduan izango gara", aurreratu dute.
Askorako aukera
Oro har, inguruko beste hainbat herritan egiten ari diren bezala, bide berri bat zabaldu nahi dute Azkoitian ere, jakitun baitira Gau Beltzaren ospakizunak "askorako" eman dezakeela. Izan ere, azken urteetan argitara eman da Gau Beltzak Euskal Herrian tradizioz izan duen lotura: esaterako, nekazariek, garai batean, argitik ilunera igarotzeko garaia irudikatzen zuten egun horren bidez, besteak beste, baserri bideak argiztatuz eta haietan kalabazak jarriz. Azkoitian eta inguruan halakoak egiten zituztela esan diete hainbatek antolatzaileei, baina haiek, behintzat, ez dute idatzirik aurkitu: "Kuriosoa da Gau Beltza Euskal Herrian zer izan den orain hasi direla kontatzen. Orain arte isilik egon dira, eta Gau Beltzaren kontu hau asmatzen ari garela ematen zuenean, orduan esan digute: 'Guk hori egiten genuen'", nabarmendu du Astigarragak. Hori horrela, Azkoitian, behintzat, aurten hasi duten lanketak oraindik arakatzeko asko duela adierazi dute bi lagunek.
Bien bitartean, etxeko trapu zaharrak astindu, eta beldurrari zein bestaldeko arimei ongietorria egiteko kalera ateratzera animatu dituzte herritarrak etzi, egunak iluna hartzen duenean.