Aizarnazabalen eta Errezilen ere prest dituzte 2027rako ordenantza fiskalak

Mailo Oiarzabal

(Argazkia: Pixabay)

Aizarnazabalen %2,5 igo dituzte zerga gehienak, eta Errezilen %2 ibilgailuena eta urarena. Zaborrarena izango da gehien garestituko dena bietan, batik bat Errezilen.

Aizarnazabalen eta Errezilen ere eman diete hasierako onarpena 2027ko ordenantza fiskalei. Errezilgo Udalean urriaren 1ean onartu zuten ordenantzak aldatzeko proposamena, EH Bilduren udal gobernuaren aldeko botoekin. Aizarnazabalgo Udalean, berriz, aho batez onartu zituzten datorren urterako udal tasak eta zergak, urriaren n7ko ohiko udalbatzarrean.

Batean zein bestean, helegiteak aurkezteko epea irekita dago. Epe hori bukatutakoan aparteko gorabeherarik ez bada, 2027ko urtarrilaren 1etik indarrean izango dira ordenantza fiskal berriak bi udalerrietan.

Zaborrarena nabarmen

Aizarnazabalen, Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) igoera kontuan hartu dute datorren urterako udal tasak eta zergak ezartzerakoan. Horrela, %2,5 igoko dituzte tasa eta zerga guztiak, bat izan ezik. Izan ere, zaborraren tasa batez bestekotik gora igoko da Aizarnazabalen. Hain zuzen ere, aurtengoarekiko %3ko igoera onartu dute datorren urterako tarte guztietan, industriako hondakinen kudeaketari dagokionean izan ezik; industriei %9ko igoera ezarriko diete zaborraren tasan.

Aizarnazabalen zaborraren tasan onartutako igoera baino askoz nabarmenagoa da tasa berari Errezilen ezarri dioten gehikuntza. Errezilen, aurten tasa horregatik ordaindu dutena baino %20 gehiago ordaindu beharko dute 2027an. Batean zein bestean, inguruetako gainerako udal gehienetan bezala, Europako Batasunak ezarritako araua betetze bidean hartu dituzte zaborraren tasaren gaineko erabakiak; araudi horren arabera, zaborraren kudeaketa ezin da defizitarioa izan eta udal bakoitzak dagozkion neurriak hartu behar ditu defizita eragozteko. Gainerakoan, udal tasa eta zerga gehienak bere horretan mantenduko dituzte datorren urtean Errezilen, aurtengoarekiko igoerarik gabe. Zaborrarenaz gain, beste bi besterik ez dira igoko: ibilgailuen eta uraren zergak: Aurten baino %2 garestiago izango dira bi horiek 2027an. Ordenantza fiskaletan aurreikusitako hobarietan ere ez da aldaketarik izango 2027an.

Egonaldi turistikoak

Egonaldi turistikoen gaineko zerga izango da Aizarnazabalen eta Errezilen ere aurreko urteetako udal zergekiko berrikuntza nagusia, lehen aldiz onartu baitute bi udalerrietan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gainerako udalerrietan bezala. Turismoak herrietan sortzen dituen edo sor ditzakeen gastuak eta erabiltzen dituen zerbitzu publikoak finantzatzen laguntzeko asmoz hasiko dira zerga hori kobratzen udalerriak. Gipuzkoan, gutxieneko eta gehienezko tasak ezarriak ditu foru aldundiak, eta horien arabera ari dira udalak zerga arautzen.

Horrela, Aizarnazabalen erabaki dute turista bakoitzak herrian egindako egonaldian eguneko euro bat ordaindu beharko duela, landetxeetan edota aterpetxeetan ostatu hartzen badu; eta eguneko 5,5 euro ordaindu beharko dituzte, berriz, egonaldia erabilera turistikoko etxebizitza batean egiten dutenek. Errezilen, aldiz, aldundiak ezarritako gutxieneko tasak kobratzea erabaki dute egonaldi eta establezimendu turistiko guztietan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide