Zestoako Rodeo musika taldeak zuzenekoen etenaldia iragarri zuen duela egun batzuk, eta agur birari ostiral honetan bertan ekingo dio. Azpeitiko Gaztetxean eskainiko du taldeak kontzertua, eta Istilu taldea izango du oholtzan lagun. 22:00etan hasiko dira zuzeneko emanaldiak, baina Gaztetxeko ateak 21:30ean irekiko dituzte; sarrera hiru euro ordaindu beharko da.
Ostiralean hasiko duen bira urtarrilean bukatuko du Rodeok, eta bi hilabeteko epean, besteren artean, Tolosan, Madrilen, Castellon, Valentzian, Mutrikun nahiz Elorrion eskainiko ditu kontzertuak. Azken hitzordua Zestoako Gaztetxean izango da urtarrilaren 9an.
2014an sortu zutenetik sei disko kaleratu ditu Zestoako rock taldeak: Rodeo, Dilmun, Ezherrian, Moira, Hybris eta X; azken hori iaz. Orotara, 320 kontzerturen bueltan eskaini dituzte. 2023an ere egin zuen zuzenekoetan geldialdia Rodeok.