Ane Labakak lortu du garaipena Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren lehen faseko hirugarren saioan. Lekeitioko (Bizkaia) Santi Brouard pilotalekuan jokatu dute saioa, eta Urola Kostako bi bertsolari aritu dira han: Eneritz Artetxe azkoitiarra eta Aner Peritz zarauztarra. Hain justu, Peritz bigarren sailkatu da, eta Artetxe bosgarrena izan da. Ariketa puntuagarriak osatu ostean, Labakak pilatu du puntu gehien: 681 puntu. Hori hala, Gernika-Lumoko (Bizkaia) finalaurrekoan kantatuko du hark, azaroaren 7an.
Gaurko beste bost bertsolariek, berriz, lehen fasea osatzeko falta diren gainerako saioei erreparatu beharko diete finalaurrekoetara nortzuk sailkatzen diren ikusteko. Gaur-gaurkoz, lehen fasea amaitzeko beste lau saio falta dira: Donapaleukoa (Nafarroa Beherea), Tolosakoa (Gipuzkoa), Gotaine-Iribarnekoa (Zuberoa) eta Aguraingoa (Araba). Nolanahi ere, Peritzek, Arzalluzek eta Bizkarrak atzo Altsasuko (Nafarroa) saioa irabazi zuen Oier Etxeberria azpeitiarrak baino puntu gehiago jaso dituzte gaur (672,5 puntu): 679 puntu Peritzek, 677,5 puntu Arzalluzek eta 676 puntu Bizkarrak.
Lehen laukote horretatik koska bat beherago sailkatu da Artetxe; azkoitiarrak 646 puntu jaso ditu. Seigarrena izan den Arrizubietak, ostera, 616 puntu batu ditu. Goraino bete da Santi Brouard pilotalekua; izan ere, sarrera guztiak salduta, ia 1.000 bertsozale bildu dira han. Idoia Anzorandia aritu da gaur bertsotan aritu diren sei lagunei gaiak jartzen.