Orioko, Zarauzko nahiz Getariako arraunlariek nahiz herritarrek ospatzeko eguna izan dute gaur. Portugaleten (Bizkaia) jokatutako estropadarekin amaitu dira gaur Eusko Label liga eta bigarren mailetako play-off-ak, eta denbora luzez gogoratzeko moduko balentriak lortu dituzte eskualdeko traineruek.
Amaitu berri den denboraldian lortutako balentriari tamaina hartzeko moduko harrera jaso dute gaur arratsaldean Orioko arraunlariek. Pasa den astean Kontxako Bandera eraman zuten herrira, eta gaurkoan Eusko Label ligako koroarekin itzuli dira Portugaletetik. Festak kolore horia du Orion, eta distira berezia izan du gaurkoan, 17 bandera eskuratuta, Iker Zabalaren gizonek garaipenaren errekorra hautsi baitute aurtengo denboraldian.
Larunbatean Bermeon (Bizkaia) erdietsi zuten oriotarrek marka hautsi zuen hamazazpigarren bandera. Denboraldi osoan, soilik zortzi estropada amaitu dituzte bandera astindu gabe, eta horrela, 240 puntu metatu dituzte ligan, iazko lorpena (234) gaindituta.
Irabazitako guztia ospatzea besterik ez zitzaien gelditzen Orioko arraunlariei, eta uda osoan zehar ondoan izan dituzten zaleen aurrean altxatu dute Eusko Label ligako koroa gaur arratsaldean.
Ametsak beteta, gorengo mailara
Marea urdinak Zarautz hartu du gaur. Herriko arraun elkarteak ametsa bete du, eta garaipenak ez direnez bakarrik ospatzen, herri oso bat zuten zain Portugaletetik etxera itzuli direnean. Enbata-ko emakumeak zein gizonak maila gorenean ariko dira datorren denboraldian, asteburu honetan zein, oro har, denboraldi osoan zehar erakutsitako esfortzu eta lan gogorrari esker. Eta, espero bezala, zaleek, senideek eta lagunek ahalegin hori aitortu nahi izan diete.
Salbideko parkean elkartu dira bi traineruetako arraunlariak eta zaleak, eta handik kalejira egin dute Lege Zaharren Enparantzara iritsi arte. ZAEko lehendakari Nagore Arrutiren hitzak errepikatuz, "gutxitan ikusi da plaza hain urdin". Hala, arraunlariak txalo zaparraden artean hartu dituzte, eta plazako oholtzatik esker oneko hitzak, bertsoak eta, noski, herriarekin batera Gora Enbata! oihukatzeko aukera izan dute.
'Esperantza'-ren bizipoza
Herritarren bultzadarekin eta musikak alaituta igo dira Getariako arraunlariak moilatik udaletxera. Esperantza-koak bikain aritu dira Eusko Label ligan, eta gogotik ospatzeko moduko laugarren postuan amaitu dute denboraldia. Plaza bete duten herritarren aurrean, Esperantza-koei eskerrak eman dizkie Haritz Alberdi Getariako alkateak, denboraldian zehar herrian "bizipoza zabaltzeagatik".
Haren atzetik, hunkituta hitz egin du Xabier Goikoetxeak, aurten 50 urte bete dituen arraun elkarteko presidenteak. "Zaila da liga honetan laugarren amaitzea. Arraunlariak zoriondu nahiko nituzke, eta eskatuko nieke beste urte batez aurrera jarraitzeko, beraiek gabe Esperantza ez baita ezer, adierazi du.