Marka hautsi du Oriok, koska bat gora egin du Getariak eta gorengo mailarekin amesten du 'Enbata'-k

Maddi Txintxurreta

Getariako 'Esperantza' ontzia, Kontxako sailkatze estropadan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Euskotren nahi Eusko Label ligetarako play-off-eko estropadetan ondo aritu dira Zarauzko emakumeak eta gizonak: bigarren egin dute biek ala biek. Oriok, bestalde, errekorra haustea lortu du, ligako hamazazpigarren bandera eskuratuta.

Bermeoko (Bizkaia) itsaso bihurrian, Izaro uharteak edertutako paisaian, jokatu dituzte gaur arratsaldean Eusko Label eta Euskotren ligetarako play-off-ak nahiz Bermeo Hiriko XLIV. Ikurriña estropada. 2026ko arraun denboraldiaren hondarretan, bikain aritu dira eskualdeko traineruak. 

Zozketak hala erabakita, laugarren irten da Zarauzko trainerua, erlojupekoan aurreko hiruen denborak hobetzeko helburuarekin, eta, oroz gain, hirugarren abiatu den Hondarribiak, Enbata-koen aurkari zuzenak, gainditzeko setaz.

Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariek akatsik gabeko estropada egin dute, eta 11:17.86ko denbora finkatuta. Zarauztarrek ondo eutsi diote presioari, eta arraunketa indartsua erakutsi dute hasieratik bukaeraraino. Pare-parean egin dute arraun bi ontziak, baina azkenerako, 11:20.22ko denbora eginda amaitu dute estropada zarauztarrek, Hondarribiaren atzetik.

Sorpresa, aldiz, Donostiarrak eman du: lehen mailari eusteko borrokan den trainerua faborito zen gaurko estropadan, baina bi puntu besterik ez ditu lortu, eta 10 segundoko errenta atera diote zarauztarrek, Tiranei, berriz 25 segundo. Donostiarri ateratako denbora aintzat hartuta, datorren denboraldian Euskotren ligan lehiatzeko aukera gertu du Enbata-k; hala ere, bihar Portugaleten (Bizkaia) emango dituen paladek izango dute azken hitza.

Gizonak, bigarren

Datorren denboraldian Eusko Label ligan jokatzeko txartela lortzeko lehian diren bost traineruak uretaratu dira emakumezkoen play-off-a amaitu ostean, horien artean, KAE 1 ligan maila bikaina erakutsi duen Enbata-ren ontzia.

Hirugarren abiatu da Zarautz, Tiranen eta Aresen atzetik. Enbata-ko mutilek bigarren amaitu dute ligan, Deustoren atzetik, beraz, bizkaitarrak gainditzea edo, bederen, haiengandik gertu amaitzea zuten erronka.

Galiziako Cabo eta Tiran ontziek denbora dezente galdu dute lehenengo luzean, eta Aresek eutsi dio estropadaren buruari lehen luzean, baina haren parean jartzea lortu dute Deustok nahiz Zarautzek. Deusto izan da bigarren ziaboga egiten azkarrena, eta arraunketa sendoari eutsita, bost segundoko abantaila lortu du Aresen eta Zarautzen aldean. Enbata-k, beraz, espektatibak aldatu eta Ares irabaztea izan du erronka estropadaren amaieran. Lortu du: 21:03.42ko denbora eginda, hiru segundo atera dizkio Aresi, eta Tomatera ontziarekiko 8 segundo atzetik amaitu ditu lanak.

Orio nagusi, Getaria koska bat gora

Bigarren txandan uretaratu dira Orio nahiz Getaria Bermeo Hiriko XLIV. Ikurriñaren bila, eta txanda horretako ontziak aritu dira banderaren lehian, lehenengokoek egindako denborak aise gaindituta. Dagoeneko liga irabazia du Oriok, eta galtzeko ezer ez zuen arren, irabaztekorik oraindik ere baduela erakutsi dute horizko gizonek. Beste bandera bat poltsikoratu dute, eta ligako hamazazpi banderen errekorra lortu dute. Denboraldi honetan, oriotarrak soilik zazpi estropadatan itzuli dira etxera banderarik gabe.

Estropadaren buruan kokatu da Orio hasiera-hasieratik, baina gertutik jarraitu diote Bermeok, Zierbenak eta Getariak, baina oriotarrek ez diete aukerarik eman banderarekin amesteko. Ligako irabazleak liderraren nortasuna erakutsi du gaurko estropadan ere, eta hutsik egin gabe egin du arraun. 20:24.06ko denboran osatu du estropada.

Etxean jokatu duen traineruarekin ligako hirugarren postuan berdintzeko nahian urtetaratu dira Getariako arraunlariak, eta berdintzea ez, postu hori bermeotarrak aurreratzea lortu dute, laugarren egin baitute gaur etxekoek, Zierbenaren atzetik. 

Lehen bi luzeetan segundo bateko aldearekin egin dute arraun Bermeok, Zierbenak eta Getariak, eta bigarren ziaboga bikain hartuta, hirugarren luzean Zierbena lau segundo atzean uztea lortu dute Esperantza-ko arraunlariek. Bermeorekin dema estu-estua izan dute estropadaren azken luzean, eta Zierbena ere lehia horretara itzuli da azkenengo metroetan. Hortzak estutu dituzte getariarrek, eta azken 100 metroetan irabazi du bigarren postua, 20:27.36ko denbora eginda, Oriorengandik 3 segundora. Esperantza-koek bihar Portugaleten izango dute sailkapenean igotako koska bermatzeko azken aukera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide