Getariako eta Orioko arraun zaleek hitzordu bereziak dituzte igande arratsaldean, bi herri horietan harrerak egingo dizkietelako gizonezko arraunlariei eta euren taldeei. Bietan 19:00etan izango dira ongietorriak, plazan.
Getariako Arraun Elkarteak 50 urte bete dituen urtean Esperantza traineruak sekulako denboraldia egin du goi mailan, Eusko Label ligan, laugarren sailkatuta. Aurten ere Kontxan lehiatu da, herritarren poz eta harrotasunerako, seigarren sailkatuz. Hori guztia txalotu eta festa giroan ospatuko dute getariarrek.
Orion ere alai egoteko moduan dira zaleak, aurreko astean Kontxako Bandera irabazi izana ospatu zutelako, eta igande honetan, berriz, Eusko Label ligako garaileek jasotzen duten koroarekin iritsiko direlako herrira Portugaletetik (Bizkaia). Han jokatuko da, izan ere, ligako azken jardunaldia. Orio aspalditik da ligako txapeldun matematikoki, baina estropada horren ostean emango diete garaikur preziatua. Biharko edo etziko estropada irabaziko balu, gainera, iaz talde horrek berak jarritako errekorra hautsiko luke, ligan 17 garaipen lortuta.
Asteburuko bi estropadak norbaitentzat garrantzitsuak baldin badira, ordea, horiek zarauztarrentzat dira. Senior emakume zein gizonak lehiatuko dira Euskotren eta Eusko Label ligetara igotzeko txartel bila, eta lortuko balute, eromen ederra sortuko litzateke herrian igande arratsaldean. Oraingoz, hitzorduari buruzko informaziorik ez dute zabaldu, baina laster jakinaraziko dute zerbait udal arduradunek nahiz Zarautz Arraun Elkarteak.