Erakustaldi ederra emanez irabazi du Oriok Kontxako Bandera, klubaren historiako hogeita hamalaugarrena. San Nikolas ontzia zen faborito nagusia, baina Donostiarrarekiko hiru segundoko alde eskasak irekia uzten zuen gaurko jardunaldia. Hala ere, oriotarrek duten guztia eman dute Donostiako uretan, eta ongi merezitako saria erdietsi dute.
Nolanahi ere, hortzak zorrotz ekin diote estropadari ohorezko txandako traineruek. Guztiak atera dira lan txukuna egin asmoz, baina Santa Klara irla igarotzerako Orio segundo pare bat arramazkatuz hasi zaio Donostiarrari, eta bospasei Zierbenari eta Hondarribiari. Ziabogara iristerako, aldeak nabarmen areago dituzte mirotzek, eta sei segundoko abantailarekin abiatu da poparean.
Oriok arraunketa dotorea egin du bigarren luzean, eta liga osoan zehar erakutsitako nagusitasun berarekin sartu da Donostiako badian, aurreko asteko zalantza guztiak uxatuz. Aise irabazi dute Iker Zabalaren mutilek, azken paladak gozatuz eta garaipena ospatuz, 19:36.16ko denbora eginez. Azkenean, 13 segundoko aldea atera dio Donostiarrari, 15 segundo Hondarribiari, eta 20 segundo Zierbenari.
Getariak bigarren egin du Bermeok irabazi duen kontsolazio txandan, 20:00,28an eginez estropada. Gaurko jardunaldian egindako lanari esker, postu bat gora egin du sailkapen orokorrean, eta seigarren postuan bukatu du, Lekittarraren aurretik, ehuneko eskas batzuen aldearekin.
Sailkapena
1. Orio 19:35,96
2. Bermeo 19:48,54
3. Donostiarra 19:49,82
4. Hondarribia 19:51.90
5. Zierbena 19:55,96
6. Getaria 20:00,28
7. Lekittarra 20:06,40
8. Ondarroa 20:08,98
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)