Arraun Lagunak-ek ez du hutsik egin eta egundoko estropada eginda (10:31,32), bosgarren Kontxako Bandera erdietsi du. Hala, San Juanen eta Galiziaren marka berdindu du Donostiako traineruak gaurko garaipenarekin. Txanponaren beste aldean, eskualdeko bi ordezkariak geratu dira: Oriok zazpigarren bukatu du sailkapen nagusian, eta Zarautzek, berriz, zortzigarren. Nolabait ere, oriotarrek aurreko asteko azken postu hori atzean utzi dute, eta koska bat gora egitea lortu dute zarauztarren kontura.
Edonola ere, kontsolazio txanda beneta borrokatua jokatu dute Oriok eta Zarautzek, Hibaika eta Donostiarrarekin batera. Bizi atera dira lau traineruak, eta hasieratik buru jarri da Hibaika, estropada irabazteko asmo argiarekin. Gainerako ontziek, baina, ongi eutsi diote joaneko luzean.
Ziaboga egiterakoan Hibaika atera da aurretik, baina orpoz opo izan ditu Orio segundo batera eta Donostiarra eta Zarautz bi segundora. Poparean, ordea, erritmoa bizitu du errenteriako traineruak, eta badian sartzerako nabarmen jarri da aurretik, aldeak areagotuz, eta 10:49,70eko denbora eginez txanda irabazi du.
Atzeko hiruen arteko lehia oso estua izan da, baina apurka-apurka Enbata atzean geratzen joan da, laugarren postuan (11:01,28). Azken txanpan, helmugaratzeko metro gutxiren faltan, donostiarrek aurrea hartu diote oriotarrei, eta ehuneko eskas batzuengatik bigarren tokia ziurtatu dute (10:59,26). Oriorentzat izan da txandako hirugarren postua (10:59,60).
Sailkapena
1. Arraun Lagunak 10:31,32
2. San Juan 10:41,82
3. Tolosaldea 10:46,68
4. Astillero 10:48,04
5. Hibaika 10:49,70
6. Donostiarra 10:59,26
7. Orio 10:59,60
8. Zarautz 11:01,28