Inoizko uztarik goiztiarrena izan da aurtengoa. Hala adierazi dute dagoeneko mahats biltzen ari diren Beizamako Urkizahar, Zarauzko Talai Berri eta Getariako Akarregi Txiki txakolindegietako arduradunek. Beroak eta euri eskasiak eragin dute mahastien zikloa azkartzea, eta mahats ona eta ugari jasotzen ari dira txakolingileak egunotan. Hala ere, kezkatuta daude klima larrialdia eragiten ari den aldaketekin; eta artega, etorkizun hurbilean ekarriko duenarekin.
Irail bukaera eta urri hasiera bitartean izaten da mahatsa biltzeko garaia, edo hala izaten zen lehen, bederen. Iaz ohi baino lehenago hasi ziren bilketarekin Zarauzko Talaiberri bideko mahastietan, irailaren erdialdean; aurten, berriz, hamabost egun lehenago hasi dira: astelehenaz geroztik ari dira fruitua biltzen, eta bi astez buru-belarri ariko dira biltze lanetan. Inoizko bilketarik goiztiarrenak, baina, ez dio erantzuten bat-bateko salbuespen egoera bati, mahastizainek duela urte batzuetatik hona egiaztatu duten joera bati baizik. "Aurtengoa harrigarria izan da, baina urtero-urtero aurreratzen joan da bilketa", adierazi du Iker Eizmendi Talai Berri txakolindegiko arduradunak. Harekin bat egin du Akarregi Txikiko Itziar Eizagirrek: "Mahatsa ez da data jakin batean biltzen, fruitua heltzen danean baizik; beraz, mahatsak esaten digu noiz bildu behar dugun. Urtertetik urtera, egun batzuk aurreratu da bilketa. Iaz asko aurreratu zen, eta aurten, asteartean hasi ginen biltzen. Txakolindegi batzuk abuztuan hasi ziren. Ez genuen sekula pentsatuko abuztuan mahatsa bilduko genuenik".
Hain zuzen, Beizamako Urkizaharren abuztuaren 30ean hasi zituzten biltze lanak, igandez, eta bertako arduradun Luisja Oregik baieztatu du azken hiru urteetan asko aurreratu dela mahats bilketa. "Hala ere, aspalditik antzeman zitekeen aldaketa. Aurten, izugarrizko beroa egin du hemen, 500 metrora, eta hori ez da batere arrunta", esan du.
Egunotan biltzen ari diren uzta ona eta ugaria dela baieztatu dute mahastizainek, beroari esker, hezetasunarekin ugaritzen den mildiu gaitzak ez baititu eskualdeko mahastiak erasan. "Guk ekologikoan lan egiten dugu eta mildiuarekin asko sufritzen dugu, galera izugarriak izaten ditugu. Aurten ez dugu gaitzik izan, eta besteetan baino mahats gehiago daukagu", ospatu du Oregik.
Oro har, hondarribi zuri eta hondarribi beltz klaseetako "mahats oso ona" datorrela baieztatu du Akarregi Txikiko arduradunak. Hala ere, "mahatsak bere denbora" behar duela esan du Talai Berriko Eizmendik; "azkarregi heltzen bada, kalitate pixka bat galtzen du", bere ustez. "Mahatsari lehorra gustatzen zaio. Baina aurten beroa pairatu du, zeren lurra lehorregi dago, eta landareek ur pixka bat behar izaten dute bizitzeko. Hemen, gainera, ez ditugu mahastiak ureztatzen. Landare gazteek gehiago sufritu dute eta landare guztiak oso altu daude... Ohiz kanpoko egoera da. Kalitate aldetik, txakolinak gradu gehiago hartuko du, eta agian, freskura pixka bat galduko du. Baina gaitzik izan ez dugunez, mahats-mordoak oso sano ikusten dira. Beraz, ikusiko dugu [uztak] zer ematen duen", agertu du Oregik. Urkizaharrekoak gaineratu duenez, tenperatura altuen eraginez, lanerako ere "urte konplikatua" izan da: "Goizeko seietan lanean hasi, eta bederatzi eta erdietarako ez zegoen hemen egoterik. Mahastiek eskulan handia eskatzen dute, are gehiago, ekologikoan lan eginez gero. Beraz, asko sufritu dugu. Pentsa, sagarrak erre egin zaizkigu. Horrelakorik sekula ikusi gabe nengoen".
Txakolindegietako arduradunek eta beharginek lan egiteko moduak nahiz denborak moldatu behar izan dituzte. Akarregi Txikikoek eta Urkizaharrekoek, kasurako, aurten ez dituzte mahastien hostoak kimatu, eta sagarrak ez bezala, horrek salbatu ditu mahats-mordoak erreduretatik. "Klimak eskatzen digun horretara egokitu behar izan gara. Guk besorako mahastiak ditugu, eta uztail osoa pasatzen dugu ardiekin hostoak kentzen. Horrekin, mahatsa egurastea eta hezetasun pixka bat kentzea lortzen dugu. Mahatsak eguzkitan gelditzen dira, eguzkiak lehortzen ditu, eta hobeto heltzen dira. Aurten, uda oso beroa zetorrela eta, hostoak ez kentzea erabaki genuen. Eta eskerrak, zeren hezetasunik ez da batere egon, euririk ez du egin, eta eguzkiak mahatsa erreko luke bestela. Bizi osoa eman dugu hostoak kentzen, aurten ez dugu horrelakorik egin, eta asmatu dugu", azaldu du Eizagirrek.
"Lehen, San Jose egunerako [martxoak 19] ernetzen zen mahatsa; orain, lehenago. Loraldia ekainaren 20aren bueltan izaten zen; orain, berriz, ekain hasieran. Ziklo guztia aldatzen ari da, ez bakarrik mahats biltzea", gaineratu du Akarregi Txikikoak. Beroak ez ezik, euri faltak ere eragin du mahatsa aurreratzea. "Euria ez du lehen bezala egiten. Lehen, zirimiria sartzen bazen, agian hamar egunez egiten zuen; orain, litro berdinak botatzen baditu ere, erauntsi bakarrean botatzen ditu. Hortaz, lurrak ez du berdin aprobetxatzen euria", agertu du Eizagirrek.
Urak nola etorriko diren
Getariako, Zarauzko eta Beizamako txakolindegietako arduradunak kezkatuta daude klima aldaketak mahastietan izan ditzakeen eraginekin. "Mahastiak, berez, ez du ur askorik behar, momentu jakinetan bakarrik; beraz, benetan eguraldi lehorra egin behar du mahastiak ur falta sumatzeko. Beste kontu bat da ureztatzeko modua: udarako ekaitzak oso arriskutsuak dira, harri eraso batekin galdu baitaiteke mahats guztia. Zirimiria egiten duenean ekaitzik ez du egiten, baina eguzkiak indarrez jotzen duenean, badakigu zer etor daitekeen hurrengo egunean", ohartarazi du Eizagirrek.
Ildo beretik mintzatu da Beizamako txakolindegiko arduraduna. "Muturreko egoera gehiago ekarriko ditu honek guztiak. Orain lehortea, gero bat-bateko kazkabarra... Hemen, 2022ko arratsalde batean mahatsaren %70 galdu genuen, eta aurten, txoko batean jarrita, zerura begira ibili gara. Beroa mahatsarentzako ona den arren, klima aldaketak ez dakar ezer onik, dena hankaz gora jartzen du", adierazi du Oregik. Bi astez egingo dituzte bilketa lanak Akarregi Txikin eta Talai Berrin. Iganderako amaitzea espero dute, aldiz, Urkizaharren. Modu batera edo bestera, zerura begira emango dituzte bilketa egunak.