Hamabosgarren bandera irabazi du Oriok Oihan Manterola patroi gaztearen gidaritzapean

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 29a

Orio lehian estropada batean. (TKE)

Eusko Label ligako hemezortzigarren jardunaldia Boiron (Galizia) jokatu dute, eta patroi gazteak dotore zuzendu du taldea bere debutean. Getaria laugarren izan da, eta sailkapenean ere postu horri eusteko puntu garrantzitsuak atera dizkio Hondarribiari. 

Oriok erakustaldia eman du beste behin: Eusko Label ligako hamabosgarren bandera astindu du gaur arratsaldean Boiron (Galizia), Arousako itsasadarrean jokatutako estropadan. Ohorezko txandako gainerako traineruei –Getaria, Zierbena eta Bermeo– segundo askoko aldea aterata garaitu du, eta Oihan Manterola gaztea patroi lanetan zela, gainera. Manterolak aurreneko estropada zuen Eusko Label ligan, eta dotore gidatu du taldea, batere akatsik egin gabe. 

Hasieratik jarri da Orio estropada buru, baina bigarren luzeko une batean Bermeo parean jarri zaio, eta aurrea ere hartu dio. Bizkaitarrek gutxi iraun dute, ordea, buruan; Oriok ederki erreakzionatu du, eta pixkanaka tartea handituz joan zaio, eta helmugan ia 14 segundoko tartea atera dio. Zierbena izan da hirugarren, baina gaurkoan oso atzean gelditu da, ia 24 segundora.

Getaria, berriz, 26 segundora helmugaratu da, eta laugarren postuan gelditu da. Hala, Esperantza ontziak puntu garrantzitsuak bildu ditu sailkapen nagusian laugarren postuari eusteko, Hondarribiaren lehian baitabil (bosgarren izan da hori, bigarren txanda irabazita). Gainera, hirugarren postua soilik bi puntura dute getariarrek; 156 puntu ditu Bermeok, eta 154, Getariak. 

Bihar Aresen jokatuko da hemeretzigarren jardunaldia, 12:15ean hasita.

Amets bat beteta

Estropada amaitu berritan, Oihan Manterola pozarren agertu da ETBko kameren aurrean. Hasieran arraunerako "uste baino giro txarragoa" topatu badute ere –haizea, euria eta lainoa izan dira protagonista gaur–, "estropada borobila" egin dutela iritzi dio. "Ikaragarri ondo joan da, oso pozik nago egin dugun lanarekin", esan du. 

Taldea egiten ari dena "historikoa" dela nabarmendu du "TKEren historian inork ez zituelako gaur arte zortzi bandera jarraian irabazi", eta aitortu du arraunean hasi zenetik gaurko egunarekin amesten zuela. 

Bidea Iker Zabala entrenatzailearen eskutik egiten ari dela azpimarratu, eta esker oneko hitzak izan ditu harentzat, baita Gorka Aranberri patroi eta taldekidearentzat ere. "Nire idoloa zen, eta haren ondoan egotea eta harengandik ikastea amets bat da", esan du. 

Orio B-ri maldan gora jarri zaio play-offa

Txanponaren beste aldea Orio B ontziarentzat izan da. Bi segundo eskasengatik hirugarren egin du KAE 1 mailari eusteko play-offean, eta maldan gora jarri zaio kanporaketa. 

Camargo, Portugalete eta Lapurdiren kontra lehiatu da Orio Donibane Lohizunen (Lapurdi), erlojuaren kontrako banakako estropadan, eta Camargo izan da bizkorrena, lau puntuak eskuratuz. Lapurdik hiru puntu lortu ditu, Oriok bi, eta Portugaletek bakarra. 

Bi azkarrenak ibiliko dira hurrengo denboraldian KAE 1 mailan, eta hori biharko estropadan erabakiko da, Camargon (Kantabria, Espainia). 12:00etan hasiko da estropada, eta erlojupekoa izango da hori ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide