Zer da zailagoa zuretzat, goi mailan 100 bandera irabaztea ala 23 urtez arraunean jardutea?
Erantzun zaila duen galdera ona da. Nondik begiratzen den da kontua. 100 bandera irabaztea noski zaila dela, baina errazagoa da nik izan ditudan taldekideak edukita eta urte luzez arraunean arituta. Zure mailak ere ona izan behar du, jakina, norberaren meritua ere bada pixka bat, baina zorte puntu bat ere behar duzu. TKEren historian, esaterako, hiru pertsonak bakarrik lortu dute zenbaki hori gainditzea: Xabier Etxebeste da bat, Andres Medina taldekidea da bestea –aurten iritsi da ehungarrenera Andres– eta hirugarrena neu naiz. Haiek ere, ni bezala, taldekide oso-oso onekin aritu izan dira, talde onenetan; hori ezinbestekoa da.
Taldeak hautatzeko aukera izan duzu, ala zorte edo inertzia kontua izan da gehiago?
Aukerak izan ditut. Zarautzen ibili nintzenean, bide bat ala beste bat hartu aukeratu behar izan nuen, eta zortez edo ikusten nuenaren araberako senari jarraituz, uste dut taldeekin asmatu egin dudala. Pausoak beste modu batera eman izan banitu beharbada arrakasta handiagoa izango nukeen, baina hori ez dugu inoiz jakingo. Egia esan, hartu ditudan erabakiak ez dira damutzekoak izan.
Ehungarren bandera etxean, Zarautzen, iritsi da, hain justu debuta egin zenuen toki berean. Bereziagoa izaterik bazuen momentu horrek?
Kristoren ilusioa egin dit, ez dakit beste banderaren batek halako ilusiorik egingo ote zidakeen. Gezurra dirudi horrenbeste urte eta gero ehungarrena justu Zarautzen tokatzea. Atzera begira jarri eta ehunenekoengatik galdu nahiz irabazi izan ditugun estropadak ikusita... Hori guztia hala gertatu izan ez balitz ehungarrena Zarautzen tokatzea ia ezinezkoa izango zatekeen. Munduak zenbat buelta ematen dituen... Inork ezer kalkulatu gabe horrelaxe gertatu da, eta polita da, egia esan; bizitzaren detaileak dira.
Noiz konturatu zinen Zarauzko Ikurrinan gainditu zenezakeela langa hori?
Azken sei urteetan taldekide dudan Andresek [Medina] aipatzen zuen zenbat bandera zituen irabazita ligan; nik baino sei edo zazpi gehiago zeramatzan, eta aurten, ligako hirugarren jardunaldian edo esan zuen bera jada iritsi zela ehungarrenera. Pentsatu nuen neuk ere kontuak atera beharko nituela, eta Getariako estropada irabazitakoan, pentsatu nuen agian iritsia nintzela kopuru horretara. Estropada amaieran Ibon Gaztañazpirekin topo egin nuen, eta berari jarri nion lan hori, eta gero traineras.es webgunean ere begiratu egin nuen. San Juango arraunlari batek sekulako lana egiten du, ikaragarrizko datu basea dauka, eta han begiratuta ere, halaxe zen; Zarauzko hitzorduaren atarian, bandera bat falta zitzaidan ehunera iristeko.
Zarauzko Ikurrina irabazi berritan, ETBri egindako adierazpenetan esan zenuen zirkulu bat ixten zela garaipen horrekin; berehala, ordea, gehitu zenuen beste bat irekitzen dela, 101. banderarena. Helburu berekin aurrera egiteko asmotan, ala?
Urteroko dilema izaten da. Urtea luze egiten zaigu, eta irabaziz ibili arren nekatuta amaitzen dugu, bai fisikoki, urte osoan punta-puntan gabiltzalako gure onena ematen, eta bai psikologikoki. Trainerutan bakarrik 23 urte daramatzat, eta guztira 27 urte, 12 urterekin hasi nintzelako arraunean. Bizitza aurrera doa, gero eta gehixeago kostatzen zaigu; palmaresa beteta daukat, eta nahiz eta motibaziorik eta sasoirik ez zaidan falta, etxean familia daukagu eta askotan pentsatzen duzu ea azkena noiz izango den. Badakit pixkanaka gerturatzen ari dela bukaera, jakin ez arren aurten ala hemendik urte batzuetara izango den. Horregatik, gozatzen ari naiz, eta horrela jarraituko dut.
2007an irabazi zenuen aurreneko bandera. Gogoan daukazu?
Bai. Zarautzekin, Zumaian irabazi genuen, bigarren txandan jokatuta. Zarautzekin irabazi dudan aurrenekoa eta bakarra izan zen, eta Zarautzek historia osoan TKEn irabazi duen bandera bakarra ere horixe da.
Bihotzera iritsi zaizun beste banderarik baduzu?
Zarauzko estropada bera lehenengo aldiz irabazi nuenekoa, 2016an. Ordurako hiru Kontxako Bandera banituen irabaziak, baina Zarauzkorik ez. Horixe kostatu zitzaidan gehiena irabaztea, eta oso-oso polita izan zen.
Talde ona edukitzearen garrantzia azpimarratu duzu. Entrenatzaileak ere inportanteak izango dira...
Bai. Esaterako, Zarautzen egin genituen gauzak meritu handikoak dira, etxeko jendearekin eta etxeko entrenatzailearekin lortu genituelako Gipuzkoako Txapelketa, TKE ligako bandera bat, bi urtez segidan Kontxako Banderarako sailkatu ginen eta laugarren postuak eskuratu genituen... Pentsa, 2006ko Kontxan aurreneko euskaldunak izan ginen. Orduan kantabriarrak ziren nagusi, eta meritu handiko gauzak lortu genituen, oso ikusgarriak izan ez arren eta haietaz gu bakarrik gogoratzen garen arren.
Etxeko entrenatzailea esan duzu. Mendizabal, ezta?
Mendizabal, bai. Talde handietan, berriz, gisa horretako taldeek funtzionatzeko entrenatzaile handiak behar dituzu, eta niri aukera eman zidan Jose Manuel Francisco entrenatzaileak talde indartsu batera joateko. Maila ona nuela uste zuen, eta hori emaitzetan ere ikustea oso polita izan zen. Gauza bera esan dezaket gerora eduki ditudan entrenatzaileekin ere. Ez daukat kexarik alderdi horretatik.
Jon Salsamendi eta Iker Zabala izan dira azken biak, ezta?
Hala da. Salsamendirekin 2020ra arte ibili nintzen, eta 2021etik orain arte, Iker Zabalarekin.
27 urteko ibilbidean gauza asko ikasiko zenituen uretan nahiz uretatik kanpo, arraunaz nahiz bizitzaz. Hausnartu duzu horretaz?
Zure taldekideak errespetatzen jakin behar duzu. Pertsona bakoitza desberdina da eta bakoitzak gauza bat emango dizu. Taldea ondo doanean ikusten duzu bakoitza zertarako gai den, eta gaizki doanean ere, bakoitzak zer ematen duen. Hori lan munduan eta eguneroko bizitzan ere ikusten da; gauzak estutzen direnean pertsona batek bide bat hartuko dizu, eta beste batek, beste bat. Bizitzarako asko balio duten gauzak dira; asko irakasten dute. Nik hiru alaba ditut, eta haiei erakusteko esperientzia onak dira ikasten direnak. Kirolak askorako balio izan dit; kirola, bere alderdi guztiak kontuan hartuta. Onean eta txarrean, egoera guztietatik ikasten da, agian txarretatik gehiago ere bai.
Atzera begiratuta, hanka sartzerik baduzu gogoan, edo bitxikeriarik?
Hanka sartzeak urtero egiten ditugu eta egunero, eta eskerrak, bestela makinak izango ginatekeelako eta ez genukeelako hobetuko. Gizakiaren akats handiena da ostiak hartuta ikasten dugula, eta neuri ere hala tokatu zait. Kirol munduan jaso dudan kolpe handiena 2013ko Kontxako Banderan izan zen. Bi jardunaldiak irabazi genituen [Bermeok] eta pala ukitu batengatik lehiaketatik kanporatu egin gintuzten. Orain ez naiz hasiko noren errua izan zen eta ez zen izan eztabaidatzen: kontua da bi estropadetan onenak izan ginela eta Kontxa bat kendu zigutela. Oso gaizki pasatu nuen orduan, baina esperientzia hartatik indartsuago atera nintzela uste dut. Entrenatzaileak asko lagundu zidan eta arraunlariek ere nigan konfiantza izaten jarraitu zuten. Familia ere hor izan nuen, ni babesten.
Arantza da hori?
Zuk badakizu Kontxa batek zer pisu duen arraun munduan. Urtea ere hala-nolakoa joan zen, Kaiku handi batek irabazten zituelako estropada gehienak eta guk irabazteko talde bat eduki arren beti bigarren edo hirugarren ibiltzen ginelako. Beraz, kolpe oso-oso gogorra izan zen gu guztiontzat. Baina ez dakit arantza den. Orain, distantziatik begiratuta, gauzak beste modu batera ikusten ditut. Kontxa hura kendu izan ez baligute desberdin heziko nintzen, ikasi beharreko gauza batzuk beharbada ez nituzkeen ikasiko edo ez nintzen maila honetara iritsiko. Gauza guztiak zerbaitegatik pasatzen dira eta txarretatik zerbait ikasten baduzu, ongietorriak izan daitezela.
Argi dagoena da zure taldekideak ehuneko ehunean fio direla zutaz, eta hala esan dute elkarrizketetan behin baino gehiagotan, itsaso ona zein txarra egon, segurtasuna ematen diezula.
Osagarriak dira: beraiek niri ematen didate segurtasuna, eta nik beraiei. Konfiantza kontua da, konfiantzak taldea indartsuagoa egiten du. Azken urteetan behintzat zorte hori izan dut: arraunlariek nigan konfiantza izan dute eta nik ere bai beraiengan, eta talde indartsua egin dugu.
Donostiako estropada, esaterako, itsaso txar-txarrarekin jokatu zenuten, zuk dotore gidatu zenuen ontzia, eta baita irabazi ere. Amaitutakoan, 'arrauna hau da', esan zenien kazetariei. Hori da arrauna zuretzat...
Azken batean, traineruak itsasoko ontziak dira. Politak dira errekako estropadak edo aurrenekoa bezala, polita izan zen Madrilera joan eta han jokatzea, baina traineruak itsasoan nabigatzeko eta olatuak hartzeko pentsatuta daude, eta iragarkietarako ETBk jartzen dituen irudi gehienetan ere Donostiako edo Castroko estropadak agertzen dira, ikusgarrienak direlako, jendeak gehien horiekin gozatzen duelako...
Zeuk ere bai?
Bai. Talde bat gozatzen ari bada edo arraunean ondo ari bada, itsaso txarrarekin ere disfrutatu egiten dute, eta gogoan dut Donostiako egun hartan arraunlari bat baino gehiago txoratzen atera zela uretatik, batez ere itsaso txarrean horrenbeste ibili gabe edo gozatu gabe zirenak.