Zaila da arraun munduan denak pozik egotea, eta gaurko eguna izan daiteke horren erakusgarri. Oriok eta Zarautzek, azken honek gainera, era bikoitzean, garaipenak erdietsi dituzte beraien estropadetan. Txanponaren beste aldean, Zumaiako saregileak azkenak izan dira Euskotren Ligako estropadan, eta zaila dute mailari eustea.
Pasai Donibanen jokatu dituzte Eusko Label eta Euskotren ligetako jardunaldiak. Pasaiako estropada eremuak dituen berezitasunengatik, erlojupeko estropada izan da gaurkoa. Badiako urak lasai zeuden; mugituak, bestalde, bokalearen beste aldekoak. Egoera horiekin, Orioko San Nikolasek denboraldiko hamaikagarren bandera irabazi du, eta ligako lidergoa sendotu. Estropada berean, Getariak lan ona egin du, bereziki itsasoan, olatuen artean, baina behin badia barruan moteldu egin da motorra. Hala ere, laugarren postu on bat lortu du Esperantzak.
Euskotren Ligako estropada ere erlojupekoa izan da. Oriok estropada ona egin du gaur, eta eguneko sailkapenean hirugarren egin du, sailkapen orokorreko laugarren postua sendotuz. Albiste tristea Zumaiaren aldetik etorri da; aurreko asteburuan hirugarren egin zuen Hondarribian, baina gaur zortzigarren izan da, eta zaildu egin zaio datorren urtean lehen mailan jarraitzea, Donostiarrak zazpi puntuko aldea diolako liga amaitzeko hiru estropadaren falten.
Bihar Getarian jokatuko dira lehen mailako bi ligetako estropadak, eta gaurkoa ahaztuta, berriro lan egitera aterako dira eskifaiak.
Zarautzek garaipen bikoitza
ETE eta KAE1 ligetako estropadak hartu ditu gaur Kantabriako (Espainia) Castro herriak. Bi ligetan ere Castroko Hiria bandera izan da jokoan, eta bien kasuan Zarautzerako bidea hartu dute. Castroko itsaso makurrean bikain aritu dira Enbata traineruak eta beraientzat izan da garaipena.
KAE1 ligako arraunketa saioan, Zumaia hirugarren izan da, lehen luzean buruan egoteko borrokan aritu eta gero, eta Orioren B ontzia hamaikagarren izan da. Datorren astean izango dute hurrengo hitzordua bi ligetako traineruek, Zarautzen.