Aiako festak 2026

Txikia IV.ak eta Zalduak irabazi dute Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa

Mireia Galarza Bastida 2026ko abuztuaren 11

Emakumezkoen VI. 4 Arroa txapelketa ere jokatu zuten atzo arratsaldean, eta orain egun batzuk Uliako Harria Txapelketa irabazi ondoren, atzo ere txapela jantzita itzuli zen etxera Maddi Gesalaga zarauztarra.

San Lorentzo egunarekin batera, atzo arratsaldean eman zioten amaiera aiarrek beren festei. Zehazki, Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa jokatu zuten pilotalekuan, 17:30ean hasita, eta bertan hiru bikotek parte hartu zuten: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Zalduak, Eneko Otaño beizamarrak eta Etxebestek; eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Mugertzak. 

Bikote bakoitzak kanaerdiko eta 60 ontzako seina enbor moztu behar izan zituen, eta azkoitiarra eta zumarragatarra nagusitu ziren, lan horiek azkarren bukatu ostean; zehazki, 24 minutu, 23 segundo eta 34 ehunen behar izan zituzten lanak amaitzeko. Otañok eta Etxebestek, berriz, 24 minutu eta 41 segundoko denbora egin zuten, eta Larrañaga eta Mugertzak, aldiz, 25 minutu, 17 segundo eta 10 ehunekoa. 

Gesalagak, beste bat poltxikora

Emakumezkoen VI. 4 Arroa txapelketa ere jokatu zuten atzo arratsaldean, eta orain egun batzuk Uliako Harria Txapelketa irabazi ondoren, atzo ere txapela jantzita itzuli zen etxera Maddi Gesalaga zarauztarra. Gesalagak harri baldarra 24 aldiz jaso zuen, zilindroa 42 bider, kubikoa 26 eta bola 36, denera 128 jasoaldi erdietsita, alegia, 6.400 kilo.

Alba Zubiriak, Ane Cestauk eta Maddi Saltarainek, hurrenez hurren, 5.900na kilo eta 4.900 kilo jaso zituzten orotara. 

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide