Egun bikaina izan da gaurkoa eskualdeko traineru askorentzat. Orio Arraunketa Elkartearentzat, Eusko Label ligan gizonek asteburuko bigarren bandera eskuratu dutelako Hondarribiako uretan haizeak baldintzatutako estropadan denak emanda, eta Euskotren ligan emakumeek estropada oso ona egin eta bigarren sailkatu direlako. Zumaiako Arraun Elkartearentzat, saregileak hirugarren izan direlako, horiek ere Euskotrenen, beren txanda irabazi eta hortzak erakutsita. Sailkapenean azken postuan egon arren, borrokarako daudela erakutsi dute. Zumaiako gizonak ere fin ibili dira, KAE 1 ligan, eta hirugarren izan dira haiek ere, erlojuaren aurkako lanean.
Getariako Arraun Elkartea ere gustura egoteko moduan da. Eusko Label ligan aurreneko txandan arraun egin behar izan du gaur Esperantzak atzoko emaitzak direla eta, baina gaur arantza atera du, txanda aise irabazita eta bigarren eta hirugarren txandako traineru batzuei ere aurre hartuta. Hirugarren egin dute getariarrek.
Azkenik, Zarautzek ez du banderarik lortu gaurkoan ere KAE 1 ligan, baina bigarren postuari eutsi dio, lan bikaina eginda.
Euskotren eta Eusko Label, Hondarribian
Euskotren ligako estropada jokatu da aurrena Hondarribian, Emakumeen Balfego Bandera, eta gaur ere saria Arraun Lagunakek eraman duen arren, gainerako ontziek ezusteko bat baino gehiago eman dute. Hasteko, Zumaiak irabazi du aurreneko txanda, eta ohorezko txandako biri ere aurre hartu die. Sailkapen nagusian azken postuan den arren, borrokarako dagoela erakutsi du, Euskotren ligan mantentzeko helburuarekin. Hala azpimarratu du estropada amaitu berritan Amane Jimenez patroi azpeitiarrak ETBko kameren aurrean; azken hiru jardunaldietan gaurkoa bezalako lan ona egiten saiatuko direla esan du.
Horrez gain, Oriok estropada bikaina egin du –nahiz eta ziabogan arazoak izan dituzten arraun txikiarekin– eta bigarren helmugaratu da, liderrarengandik zortzi segundora. Bere tokia bilatzen ari dira oriotarrak, eta orain arte sailkapen nagusian bosgarren baziren, gaur pauso bat gora egin dute.
Denborei dagokienez, 10.55.02 markatu du Arraun Lagunakek helmugan, Oriok 11.03.54, eta Zumaiak, berriz, 11.06.16.
Eusko Label ligako hamahirugarren jardunaldia jokatu dute gero eremu berean, Hondarribiko 39. Bandera, eta atzo Ondarroan (Bizkaia) bezala, gaur ere San Nikolas ontzia izan da bizkorrena, bere txandakoen kontra ez ezik, beste txandakoen aurka ere lehiatuta. Izan ere, haize ufadek asko baldintzatu dute gaurko estropada, txanda batetik bestera aldatuz joan baita.
Aurreneko txandan, esaterako, Getariak sekulako estropada egin du, eta markagailua 20.29.42 denboran gelditu du. Bigarren txandako bakarrak ondu du denbora hori, Hondarribiak, 20.15.88 eginda. Hala, ohorezko txandan, Oriok Zierbenarekin ez ezik, Hondarribiarekin ere izan du lehia. Biek eman dizkiete lanak gaurkoan, baina liderrak kalitate handia erakutsi du gaur ere, eta merezimendu osoz altxatu du bandera, estropada 20.06.60 denboran egin ostean. Hondarribia izan da bigarren, eta Zierbena hirugarren, 20.21.50 denborarekin.
Horrenbestez, sailkapena nagusian tartea zabalduz jarraitzen du Oriok:145 puntu ditu Iker Zabalaren taldeak, eta 122, Zierbenak. Bermeo da hirugarren, 111 punturekin. Getaria bikain da, laugarren, 108 punturekin eta beraz, hirugarren postu horretatik gertu.
Estropada amaitu berritan, Gorka Aranberri oriotarren patroiak EITBri kontatu dio "konforme" zela egindako estropadarekin, "sentsazio onak" dituela taldeak, eta "horrek indarra eman behar" diela bide beretik jarraitzeko.
KAE 1 ligan ere fin
KAE 1 ligako eskualdeko ontziak ere fin aritu dira gaur Errenterian (Gipuzkoa) erlojuaren kontra. Bandera Deustuk eraman duen arren lana 19.36.62 denboran amaituta, bigarren eta hirugarren izan dira Zarautz eta Zumaia, mailaz igotzeko borrokan gogor jarraitzen dutela erakutsiz. Zarautzek 19.48.12 denbora egin du, eta Telmo Deunek 19.50.88.
Orioko gizonezkoen bigarren ontziaren lana ere aipagarria da, bederatzigarren sailkatu baitira, Astillero, Lapurdi eta Arkote atzean utzita. 20.29.39 denboran egin du estropada, Astillerok baino ehuneneko batzuk gutxiagoan.
Sailkapen orokorrean ezin gertuago daude Deustu eta Zarautz, soilik hiru puntuko aldea baitago bien artean; bizkaitarrek 148 puntu dituzte, eta zarauztarrek 145. Orio, berriz, 11. postuan da 33 punturekin, koska aterata hamabigarren den Arkoteri; horrek 21 puntu eskuratu ditu ligan orain arte.