Orioko San Nikolas traineruak gaur Ondarroan jokatu duten 42. Ondarroako Bandera irabazi du, denboraldiko bederatzigarrena hain zuzen. Baina gaurkoan hortzak estutu behar izan ditu garaipena lortzeko, Donostiarra ia sorpresa emateko moduan egon delako.
Gaurko ohorezko txandan aritu da Orio, Bermeo, Zierbena eta Getariarekin batera. Aise irabazi die Oriok txandako aurkariei, baina azken palakadak eman arte ez du ziur izan banderaren garaipena. Izan ere, bigarren eta hirugarren txanda artean denboralea sartu da, eta horrek baldintza meteorologikoak aldatu ditu, eta une batzuetan bigarren txandan aritu diren Donostiarraren eta Ondarroaren denborak oriotarrenak baino hobeak izan dira.
Horren jakitun, azken palakadadara arte lehiatu behar izan da San Nikolaseko eskifaia, eta horrek saria izan du. Azkenean, Oriok irabazi du bandera, Donostiarra bost segundora eta Ondarroa hamalaura utzita. Sailkapen orokorrean, 133 puntu bildu ditu dagoeneko Orioko ontziak.
Getaria itsasoaren aldaketak bete betean harrapatu du, eta hamargarren izan da gaurkoan. Sailkapen orokorrean laugarren dira orain getariarrak, 99 punturekin.
Euskotren ligako estropada ere jokoan izan da gaur Ondarroan, Bizkaiko hiriko seigarren bandera, hain zuzen. Eskualdeko bi ontziak lehen txandan aritu dira, baina emaitzak oso bestelakoak izan dira batarentzat zein bestearentzat. Oriok txanda irabazi du, eta bigarren txandan aritu den San Juanek baino denbora hobea eginez, laugarren amaitu du gaurko saioa. Zumaiak, berriz, azken estropadeta emaitza errepikatu du, zortzigarren postua, hain zuzen, eta gero eta zailago jarri zaio mailari eusteko asmoa, Donostiarrak beste bi puntuan handitu duelako aldea. Egun, zortzi puntu daude zortzigarren den Zumaia eta zazpigarren den Donostiarraren artean.
Bi ligetako jardunaldiak jokatuko dituzte bihar Hondarribian, eguerdi partean. Gizonen Hondarribiko 39. Bandera eta Emakumeen Balfego Bandera, alegia.
Saririk ez bigarren mailan
ETE eta KAE1 ligako estropadak ere jokatu dituzte gaur. Hondarribian jokatu dituzte bi ligetako estropadak, baina oraingoan ez da saririk izan eskualdeko ontzientzat. ETE ligan, Zarautz bigarren izan da Hondarribiak irabazitako banderan. KAE1 ligan, aldiz, Zumaia egon da denboraldiko lehen bandera irabaztetik hurbil, baina Deustuk eraman du bandera etxera; Zumaia bigarren izan da, Zarautz hirugarren eta Orio B hamargarren.
KAE1 ligari dagokionez, bihar estropada izango dute Errenterian. Erlojupeko saioa izango da, bi luzetara eta ziaboga bakarrarekin. ETE ligak, berriz, atseden hartuko du datorren asteburura arte.