Fabrika banderan gertatutakoagatik diziplina prozedura zabaldu die TKEk sei klubi, tartean Oriori eta Zumaiari

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 3a

Klubetako entrenatzaileak, uztailaren 25ean Donostiako arranplan. (EITB)

Uztailaren 25ean jokatzekoa zen estropada bertan behera geratu zen itsasoaren egoeragatik eta haize ufadengatik. Euskotren Ligan ari diren zortzi traineruetako entrenatzaileen hartu zuten erabakia, nahiz eta gero Donostiarra eta San Juan lehiatzen saiatu. Beste sei klubei diziplina-espedientea zabaldu die orain TKEk.

Traineru Kluben Elkarteko (TKE) epaileak diziplina espedientea zabaldu die uztailaren 25ean Donostian jokatzekoa zen Fabrika banderatik erretiratzea erabaki zuten Euskotren Ligako sei klubei. Horien artean dira Orio eta Zumaia. Epailearen arabera, araudiaren haustura suposatu zuen sei klub horien jarrerak, eta alegazioak aurkezteko epea zabaldu du orain.

Gorabeheratsua izan zen uztailaren 25ean Donostiako badian gertatutakoak, eta orduko gertakariek oraindik ere eragina izaten jarraitzen dute. Uztaileko azken larunbatean zen jokatzekoa Fabrika bandera Donostian; Euskotren eta Eusko Label ligetarako puntuagarria izango ziren bi estropada haiek, baina bietako bat, emakumeena, ez zuten jokatu. 

Arratsaldeak aurrera egin ahala itsasoaren egoera makurtzen joan zen, haizearen indarra handitzen. TKEko batzorde teknikoak, hala ere, estropadarekin jarraitzea erabaki zuen. Komitearen erabakia ez zen klubetako entrenatzaileen gustukoa izan, eta arranplan bilera egin zuten. Hartutako erabakia bandera ez lehiatzea izan zen, arraunlarien segurtasuna bermatzeko. Erabakia hartu eta gero, klub guztiak joan egin ziren, Donostiarra eta San Juan izan ezik.

Giroa oraindik gehiago nahasteko, batzorde teknikoak jarduerarekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen, eta estropada erlojupekoa izango zela esan zuen. Bi traineru besterik ez zeuden, ordea, Donostiako kaian, aipatu Donostiarra eta San Juan, besteak ordurako joanda zeudelako. Estropada hasteko ordua ere pasata zegoen ordurako. Pasaitarrak estropada eremuan ere sartu ziren. Azkenean, estropada bertan behera utzi zuten, eta gizonen traineruei eman zioten pasoa.

Arau haustura larria edo oso larria

Hamar egunetara etorri da TKEko diziplina epailearen erabakia. Diziplina prozedura zabaldu die egun hartan estropadatik erretiratzea erabaki zuten sei klubei, hala nola, Astillero, Donostia Arraun Lagunak, Hibaika, Orio, Tolosaldea eta Zumaia. Epailearen arabera, batzorde teknikoak erabakia hartu aurretik joan ziren sei klub horiek Donostiako kaitik. Jarrera hark elkartearen arau haustura larria edo oso larria suposatzen duela iritzi dio epaileak, eta horregatik zabaldu du ezohiko prozedura sei klub horien aurka. Aipatu klubei alegazioak aurkezteko aukera ere eman die epaileak.

Guka Orioko eta Zumaiako arraun elkarteekin harremanetan jarri da haien iritzi jasotzeko. Zumaiako Telmo Deun arraun elkartearen zuzendaritza batzordea gaur da biltzekoa, eta epailearen erabakia izango da aztetuko duten gaietako bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide