Erreportajeak

Beroaldi luzeen ondorioak pairatzen hasi dira lehen sektorean

Maialen Etxaniz 2026ko abuztuaren 3a

Baratzeak egarri, belardiak irailduta, ogia egiteko ere lanak. Uda gogor doa, eta datorrenak ez dirudi samurragoa. Beroaldiek eragina izan dute Errezilgo Solaka baserriko Eneka Lazkanoren, Sakona etxalde ekologikoko Aiora Etxeberriaren eta Oñazko Zelaiaran baserriko Eli Egigurenen lanetan.

Beroa. Horixe da 2026ko udan kaleko, hondartzetako, tabernetako eta azoketako elkarrizketetan gehien errepikatu den hitzetako bat. Berotu da itsasoa eta lehortu dira larreak. Ur egarriz daude baratzeak. Urteko laugarren beroaldia igarota, ez da barealdirik espero lehen sektorean. Berotzarrak eragindako sikateek nabarmen okertu dute nekazarien uzta eta aldatu dituzte abeltzainen planak. Lehen sektoreari estuki lotuta dauden ekoizleek ere jasan dituzte beroaren albo-kalteak.

Errezilgo Solaka baserriko Eneka Lazkano okina izotzarekin borrokan ibili da ogi ekologikoa egiteko masaren tenperatura mantentzeko. Sakona etxalde ekologikoko Aiora Etxeberria kezkatuta dago Zestoan dituzten ortuek ohi baino garaiko barazki gutxiago eman dutelako. Oñazko Zelaiaran baserriko Eli Egigurenek udazkenerako gordetako belarretara jo du etxeko abereek bazka izan dezaten. Beroaldiak etorkizunera begira jarri ditu. 

Abereak eta lurra, egarriz

Baratzeak eta ardiak dituzte Sakonakoek. Etxeberriak azaldu duenez, lehorteak "eragin zuzena" izan du ardiengan: "Udan mendian egoten dira ardiak, eta bazterrak lehor daude. Jateko gutxi daukate eta bero handia jasan dute. Izarraitzen, zorionez, ura igotzen dute mendira, eta egarri ez, baina gose dira". Baratzean, berriz, barazki motaren arabera kaltea desberdina izan dela kontatu du. "Beroak landare askori ez die eragiten, baina batzuei, asko", zehaztu du. "Kalabaza, esaterako, aurten ohi baino askoz gutxiago dator. Berotegietako barazkiak, bestalde, beroarekin blokeatu egiten dira, estresa jasaten dute, eta horrek fruituak kaltetzen ditu zuzenean". Lan karga nabarmen handitu zaie, eta, gainera, ortuan aritzeko ordutegia moldatu behar izan dute Sakonakoek: "Goizetan, bostetatik eguerdira arte aritzen gara baratzean, eta gauean berriro ekiten diogu. Loari orduak kentzen gabiltza; eguna luzatu, gauari orduak kendu".

Zelaiarangoei ere sortu zaizkie buruhausteak. "Ganadua itzal bila atera eta sakabanatzen denez, lana gehitu zaigu, bakoitzari ura eraman behar baitzaio dagoen lekura", dio Egigurenek. Belar eskasia nabaria da: "Uztailetik gaude beste urteetan irail bukaeran egoten garen egoeran. Izan ere, dagoeneko hasi gara udazken-neguan erabiltzen dugun bazkatik hartzen. Oso belar gutxi dago, eta dagoen apurra kalitate eskasekoa da". Uztailean urteko hirugarren belar biltzea egiten dute, baina aurten oso gutxi dagoenez, ez dute bigarren bilketa amaitu. Gainera, ez daukate hirugarren jasoketa iristeko esperantzarik. Horrek belar eskasia eragingo duela aurreikusten dute abeltzainen sindikatuek. Iritzi berekoa da Egiguren, eta erakundeei neurriak hartzeko galdegin die: "Negurako ez dugu nahikoa belar izango eta erostera jo beharko dugu, beste abeltzain askok bezala. Eskaria asko handituko da eta, ondorioz, prezioek gora egingo dute. Agintariek har ditzatela neurriak prezioak mugatzeko edo abeltzainentzat belar lote bateratuak erosteko".

Tenperatura altuen eraginez eguneroko lan prozesuan aldaketak egin behar izan dituzte Solaka baserrikoek ere. "Hartzidura edo fermentazio luzea erabiliz egiten dugu ogia, eta prozesuan hiru faktorek dute eragina: orantza kopuruak, tenperaturak eta hartzidura denborak. Tenperatura altuak fermentazioa azkartzen du, eta gure lan prozesua eta erritmoa hankaz gora jartzen du", dio Lazkanok. Hori kontrolatzeko etxeko erremedioetara jo dute: "Urari izotza gehitu behar izan diogu masaren tenperatura jaisteko eta fermentazioa luzatzeko". Iaz arazo bera izan zuten. Ordu txikitan aritu ziren lanean, emaitzarik lortu gabe, baina aurten konforme gelditu dira. Lazkano Sakonako Etxeberriaren iritzikoa da: "Badirudi hau epe luzerako kontua dela, eta egoerara moldatzen jakin beharko dugu. Dena den, goikoek hartu beharko dituzte erabakiak".

Gelditzeko etorria 

Sakona etxaldekoek argi dute etorkizunerako "prestatzea" beharrezkoa izango dela: "Prest gaude euri asko egiten duenerako, baina ez beroaldietarako. Ureztatze sistemak berrikusi eta ur erreserbak izateko prestatu beharko dugu. Izan ere, badirudi klima hau gelditzeko etorri dela". Kezka eragiten diote Etxeberriari egoerak eta ondorioek: "Gure lanak eguraldiari begira bizitzea eskatzen du; muturreko egoeren menpe gaude beti, eta aurrerantzean, gero eta muturrekoagoak izango dira baldintza klimatikoak. Ustez, denok jabetzen gara aldaketaz, baina ez gara kontziente horrek ekar ditzakeen ondorioez".

Hain zuzen ere, hausnarketa horretan egin du azpimarra Sakonakoak: "Aurten ezingo dugu zenbait barazki jan, eta duela urte batzuk gizarte arazoa zatekeen hori; orain, aldiz, ez. Baserriak oso urrun daude kaletik. Eragiten digu hondartzara joan ahal izateak, kaleko lorategiak lehor ikusteak, beroagatik kalera ezin irteteak, baina jatekoa ezin jateak ez digu axola. Gainera, bertakoen faltan, kanpotik ekartzen dituzte barazkiak. Tristea bezain gordina da". Euskal Herrian kontsumitzen diren barazkien %5 inguru soilik da bertakoa; hori ere datu beldurgarria da.   

Ikusi erreportajea osorik, bideoan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide