Beste bandera bat zakuratu du Oriok asteburuko lehenengo jardunaldian. Nagusitasuna erakutsi du Santurtzin (Bizkaia), eta nagusitasunez ari da agintzen Eusko Label ligako sailkapen nagusian ere. ETE ligako estropadan, berriz, Zarautz izan da azkarrena.
Korronteak eta haizeak eragindako gorabeherak gobernatu behar izan dituzte Santurtziko errioan lehiatu diren traineruek. Euskotren ligako hamargarren jardunaldian, Orio abiatu da lehenengo txandako estropadaren buruan, eta hasiera ona egin du: bigarren kalean egin du joaneko luzea, korrontearen babesean, eta itzuleran ertzera jo du, Zumaiari kalea irabazita. Hala ere, Donostiarrak atzetik aurrera egin du estropada, eta Orio baino bost segundo aurretik amaitu. 13.45,20 denborarekin, seigarren egin dute oriotarrek.
Donostiarra da Zumaiaren aurkari zuzena sailkapenaren azken postuetan, eta beraz, gaurko estropada bi segundo atzetik amaitzean puntu baliotsu bat galdu dute saregileek. Azkenenak izan dira, lanak 13.50,03 denboran osatuta.
Espero bezala, biziagoak izan dira bigarren txandan jokatu duten traineruak. Baldintzak aldeko izan ez dituen arren, nagusitasunez irabazitako bandera politsikoratu du Arraun Lagunak taldeak eta bere lidergoa sendotzea lortu du.
Baldintza hobeekin lehiatu dira gizonak, Eusko Label ligako traineruak uretaratu direnerako zertxobait apaldu baitira korronteak, are gehiago hirugarren txandan lehiatu diren eskualdeko ontzien kasuan. Txandako buruan hasi da Orio, baina gertutik segitu diote Getariak eta Zierbenak. Apurka abantaila zabaltzea lortu du sailkapeneko liderrak, eta ziabogetan ondo asmatuta, ez du arazorik izan bandera irabazteko. 19.39,42 denbora egin dute oriotarrek.
Getariak ondo eutsi dio Oriok ezarritako errimoari, baina ez du lortu Bermeorekin izan duen lehia zuzena garaitzea. Hala ere, 20.00,92 denborarekin, laugarren postuan amaitu du asteburuko lehenengo jardunaldia, eta beraz, postu horri berari eutsiko dio sailkapen orokorrean ere.
Bi bandera Zarautzera
Zarauzko arraunlariek Ondarroako bandera astintzen amaitu dute eguerdian Bizkaiako herri horretan jokatutako estropada. 11.21.37 denboran amaitu du arraunketa, ETE ligako sailkapen orokorrean lider den Hondarribiako trainerua baino ehuneko batzuk aurretik. Hondarribiak abantailarekin osatu ditu lehenengo luzeko lanak, baina aise hurbildu zaio parera Enbata-ko ontzia, eta azken unean ebatzi dio garaipena Ama Guadalupekoa ontziari.
Ondarroakoarekin, lau bandera irabazi ditu Zarautzek ETE ligan, eta bigarren postuan jarraitzen du sailkapen orokorrean, Hondarribiarengandik bi puntu eskasera.
Arratsaldean, Pedreñan (Kantabra, Espainia) lehiatu dira KAE1 ligan jokatzen duten eskualdeko traineruak; Orio, Zarautz eta Zumaia, hain zuzen ere. Estropada txukunak egin dituzte hiru taldeek, baina Enbata-rena izan da balentria, banderari heldu baitio 20.52,91 denborari esker. Atzetik sailkatu da Zumaia, lanak 21.06,53 denboran amaituta, eta atzerago gelditu da Orio: 21.47,18 denborarekin, hamargarren postuan amaitu du Pedreñako estropada.
Bihar, Lekeition (Bizkaia) izango dute asteburuko bigarren jardunaldia Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunlariek. KAE 1 ligakoak, berriz, Santanderren (Kantabria, Espainia) lehiatuko dira, eta ETE ligakoak Hondarribian (Gipuzkoa).