Erreportajeak

Urteetako aldarria, bide bihurtuta

Urtzi Oteiza - Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 29a

Urte askotako eskaera bati amaiera eman diote: erabilgarri dago Narrondo eta Arroagoia arteko bidegorri zatia. Erabiltzaileen eta bidegorria egiteko eskatuz protestetan parte hartu zutenen arabera, mugikortasunean eta eguneroko bizitzan aldaketa handia ekarriko du. 

Urte luzean izan da Narrondo eta Iraeta arteko bi kilometro eskaseko tartea Urola bailarako bidegorri sarearen etenik handiena. Alde batetik, Zumarragatik Iraetaraino iristen zen bidea; bestetik, Zumaiatik Narrondoraino. Bien artean, ordea, N-634 errepidea izan da oinezkoen eta txirrindularien aukera ia bakarra, trafiko handiko errepidea eta segurtasun gutxikoa.

Hutsune hori betetzea ez da administrazioen lehentasunen artean egon urte askoan, baina bai herritar askorenean. Horregatik hasi ziren hainbat lagun bidegorria egiteko eskatzen. Haien ustez, ez zen aisialdirako azpiegitura hutsa, bailaran mugitzeko modu seguruago eta jasangarriago baten aldeko aldarrikapena baizik.

"Ikusten genuen bidegorriaren beharra zegoela. Urola bailara osoa lotzeko aukera emango zukeen, eta mugikortasunari lotuta ere egiazko alternatiba izango zatekeen. Guretzat arnasgune handia izango litzatekeela ikusten genuen eta hori aldarrikatzen genuen", gogoratu du Pili Perurenak, urte luzez aldarrikapenean parte hartu duen arroabearrak.

Protestatik errealitatera

Jose Mari Mantzisidorrek ondo gogoan ditu lehen mobilizazio haiek. 2017 inguruan hasi ziren protestak egiten. Hasieran, administrazioek 2018rako bidegorria eginda egongo zela iragarri zieten, baina aurreikusitako trazaduraren eremuan industria pabiloi bat eraiki zutenean, proiektua bertan behera geratuko zela susmatu zuten. "Orduan ikusi genuen mugitu beharra geneukala. Bestela, ez zen bidegorririk egingo", azaldu du Mantzisidorrek.

Azkenean, ordea, proiektuak beste bide bat hartu zuen. Urolako tren zaharraren plataforma baliatzea erabaki zuten, eta inauguratu berri den tartearen zati handiena haren gainetik doa. Luziano Etxeberriak azaldu duenez, hasieran aurreikusitako ibilbidea aldatu behar izan zuten, tuneletako baten egoerak arriskua sortzen zuelako. "Azkenean, trenaren trazadura aprobetxatu dute. Tuneletako batean arazoak zeudenez, azken zatia moldatu behar izan dute, baina trenbide zaharraren ibilbidea berreskuratzea aukera ona izan da", dio.

Ez da kasualitatea bidegorri berriak Urolako trenaren arrastoa jarraitzea. XX. mendearen zati handi batean tren hark lotu zituen Urola bailarako herriak, Zumarraga eta Zumaia artean. 1986an tren zerbitzua eten zenetik, urte luzez abandonatuta egon dira plataformaren zati handi bat, geltokiak eta tunelak. Azken urteotan, ordea, trenbide zaharrak beste erabilera bat hartu du pixkanaka. Bidegorriak eraikitzeko aprobetxatu dira lehengo trazadura eta azpiegitura asko, eta gaur egun, Urolako trenaren bidea zena txirringen, korrikalarien eta oinezkoen topagune bihurtu da.

Narrondo eta Arroagoia arteko zatia ere filosofia horrekin eraiki dute. Bombas Azcue enpresaren paretik Arroagoiraino, lehengo trenbidearen plataformatik doa bidea, AP-8 autobidea eta GI-631 errepidea azpitik gurutzatuz. Narrondo eta Arroabeko geltoki zaharraren arteko zatia izan da teknikarientzat zailena; geltokia eta errepidea lotzeko %5,5eko malda eraiki behar izan dute.

Horregatik luzatu dira obrak aurreikusitakoa baino gehiago. Hasieran bederatzi hilabeteko epea aurreikusi bazuten ere, hamar hilabete eta erdi behar izan dituzte lanak amaitzeko. Guztira, 3,2 milioi euroko inbertsioa egin dute bidegorriaren zati horretan, Europako Next Generation funtsen laguntzarekin. Horrez gain, Euskal Trenbide Sareak lau milioi euro inguruko lanak egin ditu Iraetako eta Arroako tuneletan, etorkizuneko bidearen segurtasuna bermatzeko.

Herritarrentzat, ordea, balioa ez dago obren tamainan edo inbertsioan. Haientzat garrantzitsuena da bidegorriak eguneroko joan-etorriak egiteko aukera berriak zabalduko dituela. "Arroabean errepidez inguratuta bizi gara: autobidea, nazionala, komarkala eta trenbidea ditugu inguruan. Gainera, zerbitzu asko falta zaizkigu, eta orain arte autoari edo autobusari lotuta geunden", dio Perurenak. "Orain beste aukera bat izango dugu, oinez edo bizikletaz joatea, eta gidabaimenik ez duenak edo kotxea hartu nahi ez duenak ere mugitzeko aukera izango du".

Horixe zen, hain zuzen ere, aldarrikapenaren funtsa. Ez zuten kirolerako azpiegitura bat bakarrik eskatzen; eguneroko mugikortasuna aldatuko zuen azpiegitura nahi zuten.

Erabiltzaileen txaloak

Narrondo eta Arroagoia lotzen dituen bidegorri zatia joan den uztailaren 8an inauguratu zuten, eta orduz geroztik erabiltzaile ugari igaro dira bertatik. Azpeititik Zumaiara bidean zihoan txirrindulari batek, esaterako, pozik hartu du bidegorriaren zati berria erabilgarri egotea. "Lehen, Zumarraga aldera joateko ohitura handiagoa nuen. Orain, baina, Zumaiaraino joateko aukera ere izango dugu, eta gustura nago horrekin. Ibilbidea erraza da, eta azken zatia nahiko laua. Ea urtea amaitzerako Zumarragatik Zumaiarainoko bidegorria osorik erabiltzeko moduan garen", adierazi du.

Arroagoiko beste erabiltzaile batek, berriz, bidegorriaren ingurunea nabarmendu du: "Oso txukun geratu da bidegorria. Zuhaitzen artetik doa bidea, eta itzal tarte handiak ditu; bero handia egiten duen egunetarako primerakoa da, eta oso gustura ibiltzen da handik jendea. Ume eta familia asko ere badabiltza egun hauetan ibilbide berrian barrena. Bazen garaia bidegorri hau egiteko".

Azken asteotan erabiltzaile kopuruak gora egin duela diote inguruko bizilagunek. Batzuk paseoan, beste batzuk korrika eta gero eta txirrindulari gehiago dabiltza bide berrian barrena.

Helmuga, gertu

Oraindik azken urratsa egiteke dago. Arroagoia eta Iraeta lotuko dituen 1,57 kilometroko tartea da falta den bakarra, eta dagoeneko hasi dituzte azken zati horretako lanak. Aurreikuspenak betetzen badira, urte amaierarako Zumaiatik Zumarragara 47 kilometroko ibilbidea egin ahal izango da etenik gabe.

Protestetan parte hartu zutenek ez dute ezkutatzen pozik daudela. Urteetako aldarrikapenak fruitua eman duela sentitzen dute. Perurenak azken jaietako pasadizo batekin laburbildu du aldaketa: "Harrotasuna eman dit Zumaiatik gazte talde asko oinez eta bizikletaz festetara etortzen ikusteak. Lehen, ia ezinezkoa zen hori. Horrelakoetan konturatzen da bat urte hauetan guztietan egindako lanak merezi izan duela".

Azken zatia amaitzen denean, bidegorri berri batek baino zerbait gehiagok lotuko ditu Urola bailarako herriak. Urte luzez herritarrek egindako eskaera bati emango zaio erantzuna, eta lehengo trenbideak garai batean egiten zuen moduan, mugikortasunaren ardatz bihurtuko da bidegorria, oraingoan bizikletaz eta oinez egiten diren joan-etorrientzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide