Fabrika Bandera irabazi du Oriok, haizeari eta olatuei aurre eginez

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 25a

Orioko trainerua, Fabrika Bandera lortu ondoren. (Aitor Arrizabalaga-TKE)

Eusko Label ligako seigarren bandera erdietsi dute gizonezkoek, erlojupeko estropada maisuki kudeatu ondoren. Eusko Label ligako jardunaldia bertan behera geratu da, muturreko baldintzak zeudelako.

Oriori berdin dio itsasoaren egoera zein den, baita haizeak nondik eta nolako indarrarekin jotzen duen ere. Baldintza guztietara egoki moldatzen den trainerua dela erakutsi du gaurkoan, Donostiako XVIII. Bandera Fabrika maisutasunez irabazita. Gisa horretan, Eusko Label ligako seigarren garapena erdietsi du, eta pauso sendoa eman du sailkapen orokorreko lehen postuan, aurkari zuzenekin aldeak areagotuz.

Baldintza oso zailak zeuden gaur Kontxako badian estropadarako, haizete indartsua eta olatu handiak, baina Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) emakumezkoen eta gizonezkoen jardunaldiak jokatzea erabaki du, 16:00etan egin duen bileran. Hori bai, ziurtasun handirik helarazi gabe parte hartzaileei. Horren aurrean, Euskotren ligako traineru gehienek uko egin diote lehiatzeari.

Arranplan batzartu dira klubetako ordezkari eta entrenatzaileak, eta muturreko baldintzak zeudela eta arraunlarien segurtasuna bermatzen ez zela argudiatuz, gaur ez uretaratzea erabaki dute. Sei izan dira zuzenean etxerako bidea hartu duten ontziak –Orio, Zumaia, Hibaiba, Arraun Lagunak, Astillero eta Tolosalde–, eta bi bakarrik –Donostiarra eta San Juan– izan dira bertan geratu direnak.

Aipatu bi traineruek estropada jokatzekoak ziren printzipioz, baina Donostiarra portuan geratu da, eta San Juan soilik itsasoratu da, erlojupeko proba jokatu asmoz. TKEko batzorde teknikoak, azkenean, bertan behera uztea erabaki du estropada.

Aitzitik, Eusko Label ligako zortzigarren jardunaldia jokatu da, baina erlojupeko modalitatean. Sailkapeneko ordena kontuan hartuta, atzekoz aurrera atera dira ontziak, lau minutuko tartean, eta lau luzeko estropada aldrebesa bezain nahasia jokatu dute. Arratsaldeak aurrera joan ahala, egoerak hobera egin duela esatea gehiagi esatea bada ere, hasierako txandakoek itsason zakarragoari aurre egin behar izan diote.

Orioko eskifaia, Gorka Aranberri patroiaren gidaritzapean, nagusi izan da beste behin, 22:49,64ko denbora eginez. Gainerakoek baino askoz hobeto kudeatu dute itsaso zakarra, eta lehen luzerako erregistro azkarrenak osatzen ari zen. Bigarren denbora onena Urdaibaik egin badu ere, epaileek deskalifikatu egin dute, bigarren ziabogan baliza istriborrera utzi duelako, eta ondorioz, Hondarribiarentzat izan da bigarren postua, 23:13,06koarekin; hirugarren, berriz, Zierbena helmugaratu da, 23:29,44koarekin.

Getariak, bere aldetik, bosgarren postuan bukatu du gaur, oriotarrengandik minutu pasatxora (23:52,92). Ez da estropada erraza izan Esperantzarentzat, baina biziki saiatu lehen postuetan kokatzeko. Getariako arraunlariek, gainera, xingola beltza eraman dute gaurkoan, atzo zendu zen Eugenio Kamioren oroimenez; klubaren sorreratik boluntario lan ugari egindakoa izan zen Kamio. 

Zarautzek eskura izan du bandera Sestaon

Haizeak ederki baldintzatuta jokatu dituzte gaur eguerdian ere KAE 1 eta ETE ligetako zortzigarren jardunaldiak Sestaon. Baldintza klimatologikoek traineru askori mesederik egin ez dien arren, beste batzuen onurarako izan da. Zarauzko traineruek ez dute garaipenik lortu, baina bi egoera guztiz ezberdin bizi izan dituzte. Gizonezkoak bandera lortzetik oso gertu ibili diren bitartean, emakumezkoak izan dira kalteturik handienetakoak, zazpigarren eginez.

Gizonezkoetan, Deusto eta Zarautz parez pare joan dira estropada osoan, eta atzetik, segundo gutxiko tartean, Zumaiak jarraitzen zien. Lehen bi ziabogak denbora berean erregistratu dituzte, baina hirugarren luzerako aldea zabaldu dute bizkaitarrek, eta poparean abantailari eutsiz, 20:50;74ko denborarekin nagusitu dira. Zarautz bost segundora helmugaratu da, bigarren postuan, eta Zumaia hirugarren, hamabi segundora. Sailkapen orokorrean, gainera, hurrenkera berean jarraitzen dute aipatu hiru traineruek.

Isuntzak irabazi du emakumezkoen bandera, bigarren txandan 11:32;31 denbora eginez. Baina lehen txandan Hernanik eginiko denboratik oso gertu geratu da; aipatu ontziak bigarren amaitu du. Haizea ikaragarri aldatu da txanda batetik bestera, eta hirugarren txandarako, sailkapan nagusiko lehen taldeentzat arraun egiteko baldintzak asko zaildu dira; batik bat, asko sufritu dute joaneko luzean.

Zarautzek hirugarren egin du ohorezko txandan (12:02;52), Kaikuren (11:55;19) eta Hondarribiaren (11:57;41) atzetik. Gaurkoan faboritoak beheko postuetan sailkatu dira, baina sailkapen orokorrean ez gorabehera handirik eman, eta Hondarribiak lehen postuan jarraitzen du, 57 punturekin, eta bigarren Zarautzek, 53 punturekin; Kaiku hirugarrena da, 47 punturekin.

Bihar eguerdian, Zumaian izango dute asteburuko bigarren jardunaldia. KAE 1 ligakoek Zumaiako XLI. Ikurrina izango dute jokoan eta ETE ligakoek Zumaiako Emakumezkoen IX. Ikurrina.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide