Erreportajeak

Emozioz betetako zeharkaldia izan da aurtengo Getaria-Zarautz

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 19a

3.500 igerilari inguruk egin dute igeri Getaria-Zarautz itsas zeharkaldian. Atzo marmokekin arazoak izan arren, giro paregabean gozatu dute zeharkaldiaz igerilariek zein ikusleek. Santiago Aviles koruñarrak eta Claudia Giralt bartzelonarrak lortu dute garaipena.

Atzo Zarautz-Mollarri-Zarautz proba jokatu ostean, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren 54. edizioaren txanda izan da gaur. Atzoko zeharkaldian marmokekin arazoak izan arren, goizean 3.500 igerilari inguru, gazte zein heldu, bildu dira Zarauzko malekoian, eta erakustaldi paregabea eskaini dute. Helduek 2.800 metroko distantzia egin behar izan dute itsasoz, eta iazko zeharkaldian bezalaxe, helmuga zeharkatzen lehenengoak atzoko probako berberak izan dira.

Goiza gaztetxoen probekin hasi da. 10:00etan abiatu dira lehen igerilariak moilatik, 400 metrotako ibilbidea eginez. Zertxobait beranduago, 10:15ean, 800 metrotako zeharkaldia egin dute gazteek. Guztira, 120 gaztetxok hartu dute parte. Proba motzari dagokionez, mutiletan Oihan Juaristi zarauztarra izan da azkarrena, iaz bezalaxe. Nesketan, berriz, Irati Egaña oñatiarra izan da garailea. Proba luzean, Xabat Beristain zumaiarrak eskuratu du lehen postua. Neskei dagokienez, Irune Perez-Irezabal izan da bizkorrena.

11:00etan, berriz, helduen unea izan da.  Milaka igerilari atera dira Getariako portutik, "gogotsu eta zertxobait urduri". Santiago Avilesek, irabazleak, 34 minutu eta 58 segundo behar izan ditu helmuga zeharkatzeko. Helmuga zeharkatzen lehen emakume Claudia Giralt bartzelonarra izan da.

Igerilariak "gogotsu eta pixka bat urduri" agertu dira probaren aurretik, baina horietako askok irribarre batekin zeharkatu dute helmuga. Leher eginda iritsi direnak ere izan dira, eta poztasun handiz hartu dute helmuga. Herritar eta bisitari ugari bildu da helmuga inguruan, zeharkaldia gertutik bizi eta igerilariak hauspotzeko asmoz. Giro paregabea sortu da Duke Enea inguruan, eta txalo eta oihu artean hartu dituzte parte hartzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide