Hasieratik agindu du Orioko gizonezkoen traineruak gaur arratsaldean Redondelako (Galizia) uretan. Estropada eremu berria zen gaurkoa Eusko Label eta Euskotren ligentzat, eta Oriok ez du hutsik egin, eta liga honetako laugarren bandera bereganatu du.
Oriok berehala utzi ditu atzean ohorezko txandako beste hiru taldeak, Zierbena, Bermeo eta Getaria. Azken hori oso atzean gelditu da, eta bigarren luzean dagoeneko 20 segundo zen atzetik. Orio besteekiko tartea zabalduz eta zabalduz joan da, eta azken luzean 13 segundoko aldea atera dio Zierbenari, garaipena aise lortuz.
Emakumezkoei dagokienez, bestelakoak izan dira eskualdekoen emaitzak. Orio ohorezko txandan lehiatu da, baina hasieratik gelditu da oso atzean, eta lehenengo ziabogan dagoeneko 19 segundoko aldea izan du Arraun Lagunak taldearekiko. Horrek irabazi du gaur ere bandera, liga hasi zenetik denak poltsikoratu ditu.
Orio azkena sailkatu da, bigarren txandan lehiatu den Zumaiaren atzetik. Saregileak ere azkenak izan dira beren txandan, baina puntu garrantzitsua lortu dute Orioren bizkar.
Honakoak izan dira gizonezkoen eta emakumezkoen estropaden sailkapenak:
Euskotren liga:

Eusko Label liga:

Bihar 11:25ean hasiko dute lehia emakumezkoek, eta haien segidan, gizonezkoek, berriz ere Galiziako uretan, Bueun.
ETE liga ere jokatuko da bihar, 12:00etan hasita, Portugaleten (Bizkaia).
KAE 1 ligan, urrezko puntuak
Erandion (Bizkaia) lehiatu dira KAE 1 ligako traineruak, eta garaipena esku-eskura izan dute zumaiarrek, estropada bikaina eginda erlojuaren kontra. 20.27.50 denboran gelditu du markagailua Zumaiak, baina hiru segundo aurreratu zaio Deusto, 20.24.42 denborarekin. Hiru ziabogetan ere aurretik ibili da Deusto, Telmo Deuni bizpahiru segundo aterata. Zarautz izan da gaur hirugarren, 20.43.99 denbora eginda.
Sailkapen nagusian ere hiru talde horiek daude buru, lehia estu-estuarekin, gainera. Deustu da lider 80 punturekin, 77 ditu Zarautzek, eta 74, berriz, Zumaiak. Laugarrena da Pedreña, baina koska bat beherago, 51 puntu dituelako.
Orio B taldea, berriz, 11. izan da, Arkoteren aurretik, 21.53.11 denbora eginda –3 segundora helmugaratu da Arkote–.