Darahli elkartearen eskutik eta Oporrak Bakean proiektuaren bidez uda igarotzen ari diren haur sahararrei ongietorriak egingo dizkiete bihar eta etzi, Zumaian eta Zestoan. Bihar, osteguna, Zumaiako udaletxean hartuko dituzte Saharako umeak, eta etzi, ostirala, Zestoako udaletxean.
Bihar, 11:00etan egingo diete ongietorria Zumaiko Udaleko ordezkariek Saharako haurrei eta Darahli elkarteko ordezkariei. Nolanahi ere, hitzordu hori ez da biharko egunez Zumaian egingo duten ekintza bakarra izango; izan ere, 12:00etan piraguan ibiltzera joango dira guztiak Urola ibaira, eta gero Santiago hondartzara. Hondartza horretan bazkalduko dute haurrek, begiraleek eta Darahliko kideek, eta jolasak egingo dituzte gero.
Etzi, berriz, 12:00etan egingo diete ongietorria Zestoako udal ordezkariek Saharako kanpalekuetatik Urola Kostara etorri diren umeei. Harrera ekitaldi horren ondotik, 12:30ean jolasak egingo dituzte Zestoako plazan, eta 14:00etan herriko elkarte batera joango dira bazkaltzera. Arratsaldean, berriz, bisita gidatua egingo dute Ekain kobazulora.