Albistegia

Etxe berria, maitasun bera

Gorka Eizagirre - Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 3a

Saharako 21 haur etorri dira Urola Kostara uda igarotzera; 11 harrera familietan daude, eta hamar Azpeitiko Ikasberrin atondu duten Bakeleku udalekuan.

Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako hainbat haur egunotan iritsi dira Urola Kostara. Guztira, 21 etorri dira; horietako 11k harrera familietan igaroko dute uda, eta beste hamarrek, Azpeitiko Ikasberri ikastolan egiten ari diren Bakeleku udalekuan. Oporrak Bakean programan parte hartzen dute eskualdeko Darahli eta Saharautz elkarteek, eta horien lanari esker etorri dira Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan (Aljeria) bizi diren 10 eta 12 urte arteko haurrak eskualdera. Udan han izan ohi dituzten baldintza gogorretatik aldendu, eta bi hilabetez bada ere, beharrezko osasun azterketak egingo dituztela eta ondo elikatuko direla ziurtatzea da helburua. 

Oporrak Bakean programaren asmo nagusia da haur sahararrak udan etxean hartuko dituzten harrera familiak lortzea. Aurten, 11 haur jasoko dituzte eskualdeko familiek. Darahli elkartearen bidez, bina haur izango dira Azkoitian eta Azpeitian, eta bat, Zumaian. Saharautz elkartearen bidez, berriz, lau ume izango dira Zarautzen, eta bana Getarian nahiz Orion.

Oporrak harrera familiekin igarotzeko aukerarik ez duten umeek, bestalde, Bakeleku udalekuan igaroko dituzte datozen bi hilabeteak. Iaz arte, Larrabetzun (Bizkaia) egiten zituzten udaleku horiek, baina aurten Azpeitiak hartu dio lekukoa herri horri. Darahli elkarteak sustatuta, Ikasberri ikastolan igaroko dute udako oporraldia hamar haurrek. 

Urteetan egin izan dute Larrabetzun udalekua, baina Darahliko ordezkariek azaldu dutenez, boluntario asko Urola Kostatik hara joaten ziren laguntzera, eta beraz, eskualdera gerturatu nahi izan zuten proiektuaren kokalekua. Horregatik, Azpeitiko Ikasberri ikastolari egin zioten proposamena, udalekua egiteko beren eraikina balia ote zezaketen jakiteko. Maitane Etxeberria Ikasberri ikastolako HHko zuzendariak azaldu duenez, eskaintza jasotzean, ez zuten zalantzarik izan. "Euskal Herri zapaldu batean bizi gara, eta gu bezala, Saharako herria ere herri zapaldu bat da. Proposamena jaso genuenean, ez genuen zalantzarik egin. Oso-oso aberasgarria iruditu zitzaigun Saharako haurrak gure ikastolan, gure artean, izatea".

Dena den, Etxeberriak azaldu du ikastola ez zegoela egokituta jendea bertan lotan gelditu ahal izateko. "Non egingo dute lo? Ez daukagu oherik eskaintzeko", pentsatu zuten. Azkenean, orain gutxira arte eskolak emateko erabili dituzten mahaiak baztertu dituzte geletatik, eta koltxoi batzuk jarrita moldatu dira. Horrez gain, ikastolako jangela baliatzen dute udalekuan parte hartzen ari diren haurrei otorduak eskaintzeko. Gainera, bi emakume saharar ari dira lanean haientzako otorduak prestatzeko. "Etxe handi hau etxetxo bilakatu dugu beraientzat", adierazi du Etxeberriak. 

Uda sasoian Ikasberri ikastolako haurrentzako egiten dituzten udaleku irekietan hainbat haur ari dira parte hartzen, eta Bakeleku udalekuan dauden Saharako haurrak ere ume horiekin ari dira ekintzetan parte hartzen. Bateratze hori ere "oso aberasgarria" dela uste du Etxeberriak. "Elkarrekin jolasean ari dira, esperientziak elkarbanatzen, eta oso lagungarria da hori enpatia lantzeko, gure haurrek munduko beste leku batzuetako haurrak nola bizi diren jakin dezaten". 

Bakeleku udalekua posible izan dadin, hainbat boluntario ari dira uda sasoian lanean. Guztira, 40 bat begirale ariko dira lanean datozen bi hilabeteetan Ikasberrin, baita haiekin batera koordinatzaile talde bat ere. Boluntario horietako gehienak zumaiarrak dira, baina tartean badira azkoitiarrak eta azpeitiarrak ere. 

Begirale lanetan ari diren boluntarioetako hiru dira Garazi Linazisoro, Naroa Etxaide eta Oier Iribar zumaiarrak. Eskolaren bidez hasi ziren Saharako gatazkaren inguruan informatzen, eta kanpamentuetan ere izan ziren. Hala, laguntzen jarraitzeko grina sortu zitzaien, eta badira urte batzuk udalekuetan laguntzen aritzen direla. Haurrekin jolas egiteaz, haiei otorduak emateaz, garbitzeaz, medikuarenera eramateaz... arduratzen dira. Asko ematen dute besteei laguntzeko asmoz, baina bueltan jasotzen dutena ere izugarria dela nabarmendu du Iribarrek. "Ematen diguten maitasuna sekulakoa da. Guztiz beteta sentitzen gara".

Batul uda Azpeitian igaroko duen haur sahararretako bat da. Hirugarren urtez etorri da Euskal Herrira, Ane Olarteren etxera. Goizetan Bakeleku udalekuko haurrekin joaten da Ikasberriko udaleku irekietara, baina gauak harrera familiaren etxean igarotzen ditu. Olartek proiektuan parte hartzera nola animatu ziren azaldu du: "Interes berezia piztu izan dit Saharako egoerak, eta duela hiru urte, laguntzeko nire alea jar nezakeela pentsatu nuen. Bikotekideari aipatu nion ea animatuko al ginen Saharako haur bat etxean hartzera. Antolatzeko modua genuela ikusi, eta pausoa ematea erabaki genuen". Hala, gaur arte. "Pozez zoratzen" etorri da aurten ere Batul. "Azpeitia asko gustatzen zait, eta Azkoitia ere bai", dio. Hona etortzen denean, igerilekura eta hondartzara joatea gustatzen zaio gehien, baita kalean lagunekin eta harrera familiarekin buelta bat ematea ere. Olarte eta etxekoak ere "zain-zain" egoten dira Batul etortzeko. "Guretzako oso esperientzia aberasgarria da". 

Olartek argi du Batul dagoeneko beren etxeko kide bat gehiago dela, eta Batulek ere ederki adierazi du zer diren beretzat Olarte eta haren etxekoak. "Nik badaukat familia Saharan, baina Ane eta Aritz nire bigarren familia dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide