Orio eta Kantabria artean mugitu dira gaur eskualdeko arraun elkarteak. Euskotren, Eusko Label eta ETE ligako estropadak Kantabrian jokatu dituzte, eta Orion KAE 1 ligako jardunaldia.
Orio Kanpina bandera izan dute jokoan gaur arratsaldean Orioko uretan, eta aurreko jardunaldian Zarautzen gertatu bezala, Zarauzko Enbata izan da irabazlea, bigarren egin duen Deustoren eta hirugarren egin duen Zumaiaren aurretik. Badirudi hiru ontzi horiek direla ligako hiru traineru indartsuenak, hirurak baitaude sailkapen orokorreko buruan: Deustok 68 puntu ditu, 67 Zarautzek eta 63 Zumaiak. Estropada horretan bertan Orioko B ontzia hamargarren postuan sailkatu da.
Zarauzko beste ontzi bat ere bandera irabaztetik hurbil izan da gaur. ETE ligako jardunaldia jokatu dute Camargon (Kantabria), eta zarauztarrak bigarren izan dira Hondarribiaren atzetik. Traineru bat besterik ez da izan bi ontzien artean. Hondarribia da sailkapeneko buruan, 38 punturekin, eta Zarautz bigarren da 37rekin. Bihar Lekeition izango dute emakumeek estropada.
Lehen mailan
Kantabrian baita ere, baina Castron jokatu dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Emakumeen arraunketa saioak eman dio hasiera arratsaldeari. Orio zein Zumaiarentzat jardunaldi positiboa izan da gaurkoa. Biak ere pasa den asteko estropadan azken postuak lortzetik zetozen, baina gaurkoan beste aurpegi bat erakutsi dute. Orio hirugarren izan da, bigarren egin duen San Juanekiko hamalau ehunekotara, eta Zumaia laugarren. Sailkapenean laugarren da Orio, 19 puntutara San Juanekin berdinduta. Zumaiak, bere aldetik, zazpigarren postuan jarraitzen du, baina jaitsierako play offetik ihes egiteko postua puntu bakarrera du orain.
Gizonen estropada jokatu dute jarraian, eta orain arte ligako dominatzaileetakoa izan den Oriok gaur laugarren postuarekin konformatu behar izan du. Getariak ibilbide onarekin jarraitzen du, eta aurreko asteburuan gertatu bezala, gaur ere bigarren egin du, oraingoan Urdaibairen atzetik.
Euskotren eta Eusko Label ligek eskualdean egingo dute orain geldialdia. Bihar eguerdian Orion jokatuko dituzte bi ligetako jardunaldiak, 11:25etik aurrera.
(Argazkiak: Julene Sorarrain)