Munoaundi herri harresituan auzolana egingo dute larunbatean

Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 9a

Munoaundin hainbat lagun lanean. (Azkoitiko Udala)

Aranzadi zientzia elkarteko kideak uztailaren 11tik 18ra ariko dira Burdin Aroko herri harresituan lanean. Auzolana lehen egunean egingo dute, eta parte hartu nahi duten herritarrek aurrez izena eman beharko dute. Gainera, bisita gidatua ere eskainiko dute Aranzadikoek egun horretan.

Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan indusketak egingo dituzte aurten ere. Aranzadi zientzia elkarteko kideak uztailaren 11tik 18ra ariko dira han lanean, Izaro Quevedo arkeologoaren zuzendaritzapean.

Indusketak aurten profesionalekin egingo dituzte, baina, horien lehen egunean, auzolan saioa egingo dute. Egun horretan aztarnategia irekitzen eta lanerako prestatzen laguntzeko parada izango dute herritarrek. Auzolanean aritu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, Izaro Quevedo arkeologoari –iquevedo@aranzadi.eus– mezu bat idatzita. Parte hartzea doakoa da. 

Egun horretan 08:00etan elkartuko dira partaideak Abaraxka aterpetxearen atarian, eta boluntarioek goizez jardungo dute lanean. Lanak bukatzean hamaiketakoa egingo dute, eta ondoren, bisita gidatua. Parte hartzaileei mendiko botak eramatea gomendatu diete Aranzadiko ordezkariek, eta baita lanerako arropa egokia ere, zira edo jaka eta eskularruak barne.

"Galdera asko irekita"

Aurtengoa hogeita batgarren indusketa aldia izango da. Munoaundin zazpi hektarea inguruko azalera duen herrixka gotortua izan zen duela 2.400 urte, eta jendea bizi izan zen Bigarren Burdin Aroan zehar. Urteotan hainbat aurkikuntza egin dituzte han Aranzadiko kideek, tartean, harresiaren eta herrirako sarbidearen egiturak, bigarren etxebizitza baten egituraren aztarnak, zeramika zatiak, errota zirkular baten zatia, burdinezko aiztoa, burdin xafla bat, pisu moduko pieza bat edota Gipuzkoan aurkitutako Burdin Aroko aurreneko brontzezko fibula edo brotxea.

Baina oraindik ere badute zer ikertu aztarnategian; izan ere, "aztarnategi bat ez da egun batetik bestera agortzen, eta Munoaundin oraindik galdera asko daude irekita", azaldu du Izaro Quevedo arkeologoak. "Bizilekuen inguruan gehiago jakin nahi dugu, harresiaren eta defentsa sistemaren faseak hobeto ulertu nahi ditugu eta herri harresituaren inguruko paisaia ere ikertzen jarraitu behar da. Izan ere, pentsatzekoa da jende guztia ez zela harresi barruan bizi; inguruan etxaldeak, bideak edo bestelako erabilera eremuak egon zitezkeen", gaineratu du Quevedok. 

Bilatzeko bestea hilerria litzateke, oraindik ez baitute aurkitu. Munoaundiren garaiko beste toki batzuetan aurkitu izan dituzte nekropoliak, baina Gipuzkoan ez. Quevedok azaldu duenez, baliteke kontserbazio arazoengatik izatea, lurzoruaren azidotasunagatik, higaduragatik, ondorengoek arrastoak ezabatu dituztelako, edo bilatzeko eredu argirik ez dagoelako. "Gipuzkoan erreferentziazko Burdin Aroko nekropolirik edo hilerririk ez izateak lana zailtzen du, ez baitakigu zehazki nolako arrastoen bila joan. Baina espero dugu aurkitzea, pazientziarekin. Arkeologian batzuetan aztarnak ez dira zarataka agertzen, pixkanaka baizik", dio Quevedok. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide