Orioko gizonek bandera nagusitasunez astinduz ekin diote denboraldiari

Aitziber Arzallus 2026ko ekainaren 28a

Gorka Aranberri Orioko patroia bandera astintzen, gaur goizeko erlojupekoa irabazi berritan. (EITB)

Orioko gizonek aise irabazi dute Eusko Label ligako lehen bandera, ia zortzi segundo aterata Zierbenari eta Donostiarrari, bigarren eta hirugarren sailkatuei. Getariak, berriz, bosgarren egin du. Emakumeetan, bigarren sailkatu da Orio, Arraun Lagunakengandik hamabi segundora, eta  zazpigarren sailkatu da Zumaia. 

Orioko gizonen lehen taldea dena irabazteko faborito dela uste duten horiek baliteke arrazoi izatea. Gaur, gutxienez, hala erakutsi du Madrilgo  Buitrago del Lozoyako urtegian jokatu duten Eusko Label ligako lehen jardunaldian. San Nikolas ontziak ia zortzi segundo atera dizkie Zierbenari eta Donostiarrari, bigarren eta hirugarren sailkatuei, eta bandera astinduz, modu ezin hobean hasi du denboraldia. 

Ezohiko formatua izan du gaurko probak. Sei luze eta bost ziaboga egin dituzte traineruek, binaka jokatu duten erlojupekoan. Oriok Zierbena izan du alboan, aurkarietan indartsuena, nahiz eta gaurkoan haren estuturik antzeman ere ez duen egin Iker Zabalak entrenatzen duen taldeak. Aurreneko ziabogan segundo bat aurretik zen Orio; bigarrengorako bi segundoko aldea atera dio; hirugarrengorako, laukoa; eta helmugan, zortzikoa.

Gaur Eusko Label ligaren lehian hasi den eskualdeko beste taldea Getaria da. Oriok bezalako distirarik ez du erakutsi, hark baino 26 segundo gehiago behar izan ditu lanak bukatzeko, baina oso txukuna egin du. Uretaratu diren hamabi traineruetatik bosgarren azkarrena izan da Esperantza.

Emakumeak, bigarren

Emakumeek ere gune berean jokatu dute Euskotren ligako lehen jardunaldiko proba, baina gizonek baino distantzia laburragoa egin dute, eta horregatik, lau luze eta hiru ziaboga egin behar izan dituzte. Donostiako Arraun Lagunak izan da ontzirik azkarrena, bigarren sailkatu den Oriori hamabi segundoko aldea aterata.

Lehen luzean Orio izan da trainerurik bizkorrena, ziabogan segundo bateko aldea aterata Donostiako taldeari; baina bigarren luzean, alde hori jan ez ezik, beste hiru ere sartu dizkio Oriori; hirugarren luzea bukatzerako bederatzi segundokoa zen bien arteko aldea; eta helmugan, hamabikoa. 

Zumaia da gaur Euskotren ligari ekin dion Urola Kostako beste taldea. Zortzi traineruk parte hartzen dute emakumeen lehen mailako lehian, eta gaurkoan, zazpigarren sailkatu da Zumaia, aurreneko sailkatuari 30 segundoko aldea eta azkenekoari segundo bakarrekoa aterata.

Orio B, mantso

Orio B taldeak atzo arratsaldean jokatu zuen KAE 1 ligako bigarren jardunaldiko proba Plentziako (Bizkaia) uretan. Uretaratu ziren hamabi ontzietatik makalena izan zen Oriokoa, eta uneotan ligako sailkapen orokorreko azken aurreko lekuan dago, bi jardunalditan bost puntu metatuta, eta Arkotek baino puntu baino gehiagorekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide