Gaur goizean jokatu dute Elantxoben (Bizkaia) ETE ligako hirugarren jardunaldia, Elantxobeko Andran I. Ikurriña, eta aurreko asteburuko bi jardunaldietan bezalatsu, gaurkoan ere enbata baten pareko indarrarekin uretaratu dira Zarauzko emakumeak. Bi luzeko estropadan, azkarrenak izan dira ziaboga hartzen, baita helmugara iristen ere, eta merezimendu osoz, eurentzat izan da jokoan zegoen ikurriña. Zarautzen sanpelaioak izanda, gaur arratsaldean Iñurritzan egingo diete harrera Enbatako emakumeei, 19:30ean, eta han astinduko dute Elantxoben irabazi duten ikurriña.
Zortzi ontzi uretaratu dira, bi txandatan banatuta, eta bigarrengoan irtetea egokitu zaio Enbatari, Deusto-Bilbao, Hondarribia eta Kaikurekin batera. Zarauzkoak lehen unetik jarri dira estropadaren buruan, ondoko kaletik joan den Hondarribiak estu hartu duen arren. Ziabogan, esaterako, Enbatak hiru segundoko aldea besterik ez dio atera Hondarribiari, baina hortik aurrera, bien arteko tartea etengabe handituz joan da, eta helmugako marra zeharkatzeko 11 segundo gutxiago behar izan dituzte Zarauzkoek. Hondarribiak bigarren egin du; hirugarren egin du Kaikuk; laugarren Deusto-Bilbaok; eta haren atzetik gelditu dira lehen txandan arraun egin duten guztiak.
Gaurko garaipenarekin, ETE ligako sailkapen orokorrean lehena da Zarautz hiru jardunalditan 23 puntu pilatuta, eta bigarrenen lekuan dago Hondarribia, puntu bat gutxiagorekin.
Zumaia eta Zarautz, garaipenaren borrokan
Gizonek arratsaldean jokatu dute Plentzian (Bizkaia) KAE 1 ligako bigarren jardunaldiko estropada, Plentziako 37. Ikurriña, eta lan ona egin duten arren, hirugarrenak izan dira helmugan, Deusto-Bilbao irabazlearen eta Zumaiaren atzetik.
Hirurek parez pare lehiatu dute hirugarren txandan, eta estu joan dira gauzak. Aurreneko ziaboga eta bigarrena Zumaiak hartu ditu bizkorren, Deusto-Bilbaori segundo bateko aldea eta Zarautzi hiru segundokoa aterata; hirugarren ziabogan Deusto-Bilbaok atera dio segundoko aldea Zumaiari, eta zazpikoa Zarautzi; baina azken luzean aldeak handitu egin dira. Horrela, Deusto-Bilbaok baino zazpi segundo gehiago behar izan ditu Zumaiak helmugako marra zeharkatzeko; eta Zumaiak baino bederatzi segundo gehiago behar izan ditu Zarautzen. Orio B taldea, berriz, azkena helmugaratu da.
KAE 1 ligako sailkapen nagusian, bigarren lekuan dago Zarautz, 33 punturekin, sailkapenaren buruan dagoen Deusto-Bilbao baino puntu bakar bat gutxiagorekin. Hirugarrenean dago Zumaia, Zarautz baino puntu bat gutxiagorekin; eta 11. lekuan dago Orio B, 5 punturekin.
