Galanta egin du gaur Aitor Agirre txirrindulari zumaiarrak. Izan ere, erlojupeko Espainiako txapeldun izendatu dute, Elite kategorian, gaur jokatutako lasterketan. Hiru hamarren besterik ez dira egon zumaiarraren eta bigarren sailkatu den txirrindulariaren artean.
Sabiñanigon (Aragoi, Espainia) jokatuko dituzte gaurtik igandera bitartean Espainiako Txirrindularitza Txapelketak. Errepide gaineko lasterketei ekin aurretik, erlojupeko lasterketak jokatu dituzte gaur. Arratsaldeko lehen orduan atera dira lehen txirrindulariak irteera puntutik; 30,8 kilometroko bidea zuten parte hartzaileek aurrean.
Smartlog Nest taldeko txirrindulari Aitor Agirre zumaiarra 38. dortsalarekin atera da, eta bera izan da Elite kategorian azkarrena. 40.15.46 denboran bete ditu ibilbideko ia 31 kilometroak. Izan den berdintasunaren adibide da bere kategorian bigarren egin duen Eloy Terueli 25 ehunen besterik ez dizkiola atera.
Agirrerentzat gaurkoa ez da izango Espainiako txapelketan jokatuko duen lasterketa bakarra; izan ere, igandean errepideko proban lehiatuko da hura. Era berean, txapelketan horretan bertan parte hartuko du Maite Urteaga zumaiarrak ere. Hark, ordea, larunbatean izango du lasterketa.
Igor Arrieta bederatzigarren
Agirrez gain, Zestoako bizilaguna den Igor Arrieta profesionalen kategorian lehiatu da, eta bederatzigarren postua erdietsi du hark. Profesionalen artean, Pablo Castrillo izan da txapeldun eta hark ezarritako denboratik minutu eta 26 segundora sartu da helmugan Arrieta.