Igor Arrieta: "Giro guztirako konfiantza eman zidan garaipenak"

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 17a

Igor Arrieta, Italiako Giroan. (Italiako Giroa)

Hilabete eskas igaro da Igor Arrietak Italiako Giroan etapa irabazi zuenetik. Zestoako bizilagunak oroitzapen politak ditu gordeta, baina harago jo nahi du aurrerantzean.

Igor Arrieta txirrindulariak (Uharte Arakil, Nafarroa, 2002) Potenzan Italiako Giroko etapa irabazi zuen duela hilabete. 

Zer oroitzapen dituzu egun hartatik? 

Oroitzapen guztiak onak dira. Garaipenaz oroitzen naizenean, irudi politak etortzen zaizkit beti gogora eta emozio handiak sortzen zaizkit.

Erorketa, bidez nahastea… Etapan une zail bat baino gehiago izan zenituen. 

Egun gogorra izan zen, euria egin baitzuen egun guztian zehar. Bidean izan nuen nahasteak amorrua eragin zidan, erorikoa izan eta gero ere ikusten bainuen artean etapa irabazteko aukera nuela. Gero, gainera, lehiakidea [Afonso Eulalio] bera ere erori egin zen, eta etapa irabazteko itxaropena areagotu egin zen nire baitan. Hala eta guztiz ere, helmugarako bi kilometroren faltan bidez nahastu nintzen, eta aukera guztiak galdutzat eman nituen. Azken 500 metroetan, ordea, berriro berreskuratu nuen itxaropena. Gorabehera askoko eguna izan zen.

Helmugaratu zinenean, zer pasatu zitzaizun burutik? 

Italiako Giroan garaipena lortu nuela jabetu nintzen, eta horrek emozio ugari sortu zizkidan. Azkenean, horrelako emaitzak bizi ahal izateko zaintzen eta entrenatzen naiz egunero, eta aurretik bizitako une zail eta erraz guztiak etorri zitzaizkidan gogora, lasterketa egunean jazotako gauza guztien aurretik. 

Kontziente al zinen orduan garaipena zeinen epikoa izan zen? 

Ez zitzaidan iruditzen garaipena epikoa izan zenik. Erorikoa izan eta bidez nahastu arren, lasterketari eutsi nion, eta horregatik, ez nuen izan gertatu zitzaidanaz edota gertatu ez zitzaidanaz pentsatzeko betarik; irabaztea besterik ez nuen buruan. Dena den, gerora izan nuen etapa ikusteko aukera, eta orduan jabetu nintzen garaipen desberdin bat lortu nuela. 

Zeure buruan gehiago sinesteko eskumena eman al dizu garaipenak?

Giro guztirako konfiantza eman zidan, bai ondorengo asteetan ondo egoteko, bai nire burua maila handiko txirrindulariekin lehiatzeko gai dela ikusteko ere. Garaipenak eman didan indarra mantentzea espero dut aurrerantzean ere, motibazioa eman dit-eta Giroan etapa irabazteak. 

Arrieta, Potenzako helmugan garaipena ospatzen. (UAE Team Emirates)

Hogei onenen artean sailkatu zinen, gainera, Giroan. 

Banekien egun askotan egokituko zitzaidala taldeko liderren alde lan egitea. Ordea, espero nuen ihesaldi batean sartzea eta etapa garaipen batengatik borroka egitea ere, nire aukera izatea, eta horrela suertatu zen. Sailkapen nagusiari dagokionez, ez nuen uste aurreneko hogei txirrindularien artean sartuko nintzenik [19. postuan sailkatu zen]; izan ere, ez zen hori nire helburua. 

Bestela, nola doakizu sasoia?  

Uste baino hobeto doa denboraldia. Urte hasieratik ondo sentitu naiz, maila onarekin, eta gustura nago. Lasterketa asko falta dira oraindik, eta horietan maila hobea erakustea da nire helburua. Frantziako Tourrean ez naiz izango, eta ziurrenik, Espainiako Itzulia ere ez, itzuli handi batekin nahikoa da eta. Astebete irauten duten lasterketetan parte hartuko dut, eta etxe inguruko lasterketak ere jomugan ditut. Datorren astean jokatuko diren Espainiako erlojupeko eta errepideko txapelketetan ere parte hartuko dut. 

Itzuli handi batekin nahikoa dela esan duzu. Karga handiegia al da bestela?

21 egunez maila handian ibilita, atseden handia behar da indarrak berreskuratzeko. Dena den, aurten iaz baino hobeto berreskuratu ditut indarrak, eta horregatik, aurrerantzean denboraldi berean bi itzuli handi egitea gustatuko litzaidake. Ikusi nahi dut nola moldatzen den nire gorputza. 

Nora bideratu nahi duzu etorkizunean zure burua?

Txirrindulari guztion nahia da txirrindulari onak izatea eta ahalik eta etorkizun onena izatea. Oraindik ere hobetzeko ertz asko ditut, eta horiek gutxinaka hobetzea da nire nahia. Txirrindulari konpletoa naiz itzuli handietarako; maldan gora ez naiz onena, baina esango nuke beste alorretan ondo moldatzen naizela.  

2027ra arteko kontratua duzu UAE Team Emiratesekin. Zer asmo duzu? 

Desberdina ari da izaten aurtengo denboraldia, egungo kontratua agortzear nagoelako eta berriari buruz pentsatzea ere tokatzen ari baitzait. Etorkizun onena non izan dezakedan pentsatzen nabil.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide