Azken egunotako beroaldiak kolokan jarri ditu San Joan suak. Beizaman eta Zestoan dagoeneko jakinarazi dute ez dutela surik piztuko gaur gauean, baina beste herrietan, printzipioz, aurrera jarraitzen dute hitzorduarekin. Azkoitian eta Azpeitian, moldaketak iragarri dituzte, baina piztuko dute San Joan bezperako sua. Getariari dagokionez, udalak jakinarazi du piztuko dutela sua Balentziaga auzoan, baina ohi baino azkarrago itzaliko dutela, "edozein arrisku gutxitzeko". Hala, herritarrei "kontu handiz" ibiltzeko eskatu die.
Egunak aurrera egin ahala oraindik ere aldaketak izan badaitezke ere, momentuz leku hauetan piztuko dute sua San Joan bezperan:
Aia
- 21:30. Plazan elkartzea.
- 22:00. Sua piztuko dute, dantza eta musikaz girotuta.
- Ondoren, txokolatea banatuko dute.
Aizarnazabal
- 22:00. Sua piztuko dute.
- Ondoren, Alaitsu musika eta dantza eskolako ikasleen ikasturte bukaerako dantza emanaldia.
Azkoitia
- 22:00. Sua piztea eta XVI. Zatoz Dantzara Balda Plazara egitasmoko dantzaldia.
Azpeitia
Urrestillan, San Joan festen barruan.
- 21:00. Pregoia eta suziria.
- Ondoren, herri afaria.
- 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
- 00:30. Sua eta dantzak.
- Jarraian, Laket taldearekin erromeria.
Herriko plazan:
- 22:00. Ohi baino su txikiagoa egingo dute San Joan suaren bueltako ekitaldian. Juan Antxieta musika eskolak, Luix Beltza dantza suelto eskolak eta Ikasberri ikastolako guraso dantza taldeak parte hartuko dute.
Beizama
- Arratsaldean, ur jolasak.
- Ondoren, afaria, Herriko Ostatuan.
Errezil
- 18:00. Auzolana.
- 20:30. Afaria, norberak eramanda.
- Ondoren, su piztea eta festa.
Getaria, Balentziaga kaleko San Joan festen barruan.
- 19:00. Erromeria, Ai Ama! taldearekin.
- Bukatzean, San Joan sua. Gure Txeruko dantzariak eta txalapartariak.
- Jarraian, Arno DJa.
Orio
- 21:30. Sorgin Gaua, Arranpla ondoko zabalgunean, Harribil dantza taldeak antolatuta.
Zarautz, Zelai Ondoko jaien barruan.
- 20:00. Sardina jana.
- 21:00. Batukada feminista.
- 22:00. San Joan sua, Antonio Aranzabal zenaren zelaian.
Zestoa
- -Beroaldiagatik, udalerri osoan debekatu egin dute suak piztea.
Zumaia
- 21:30. San Joan gaua, Sanjuaniturrin.
- 23:00. Ekhi Gaua, Gernika parkean.