Bihar, San Joan egunaren bezpera izanda, aurreikusita zegoen han eta hemen suak egitea, baina ikusteke dago azkenean egiterik izango den. Eusko Jaurlaritzak debekatu egin du landa eremuetan sua piztea, eta Urola Kostako zenbait udal harago joan dira: Beizaman eta Zestoan ez dute San Joan surik egingo, herri horietako udalek guztiz debekatu dituztelako.
Beizamako udalak herritarrei arduraz jokatzeko eta neurriak errespetatzeko eskatu die, "pertsonen segurtasuna, ondasunak eta natura ingurunea babesteko". Era berean, su iturri oro saihesteko eta beri handiko egunetan prebentzio neurriak "zorrotz betetzeko" eskatu du.
Zestoako Udalak penaz hartu du erabakia, baina beharrezko jo du: "Pena da gure usadioaren parte diren ekitaldi hauek bertan behera utzi behar izana baina larrialdi klimatikoak guztioi erantzukizunez aritzea eskatzen digu". Haren esanetan, auzo nagusietan San Joan suak belardi eta baso masetatik gertu piztu ohi dira, eta horiek, azken egunetako beroak eraginda, oso idorrak eta suharberak daude. "Herrigune nagusiko plazan sua pizteak ere, bertako eguratsaren tenperatura izugarri igotzeaz gain, inguruan sute arriskua ere eragin dezake, eta ondorioz, udalerri guztian suak piztea debekatzea erabaki da".
Azkoitian sua izan izango da, baina udalak antolatuta Balda plazan egin ohi dutena bakarrik; auzoetan eta landa eremuan piztu ohi dituzten suak guztiz debekatu ditu erakundeak. "Darahli elkarteari aitortza egingo zaio urteetan Sahararen alde egiten duen lanarengatik eta herri horrekiko duen konpromisoarengatik. Gainera, Sahatsa dantza taldearen 50. urteurrena tarteko, emanaldi berezia eskainiko du talde horrek bihar", arrazoitu du erakundeak. Edonola ere, Balda plazako sua "sinbolikoa" izango dela aurreratu du udalak, eta aurreko urteetakoarekin alderatuz, "txikiagoa" izango dela. Erabaki hori "arriskuak saihesteko" helburuarekin hartu du udalak. Egoera horren aurrean, udalak adierazi du biharko egunez segurtasuna "indartuko" duela, eta herritarrei "erantzukizunez eta zuhurtziaz" jokatzeko eskatu die.
Azpeitian ere egingo dute San Joan sua, bai plazan, bai Urrestillan. Dena den, ohi baino su txikiagoak izango direla jakinarazi du Azpeitiko Udalak, herritarren osasuna babesteko xedez. Plazako ekitaldia 22:00etan izango da, eta Urrestillan, berriz, gauerdiaren bueltan, San Joan zuhaitza sartutakoan, piztuko dute sua. Bi kasuetan, baina, hesiz inguratuko dute sua, eta herritarrek ezingo dute hesi hori pasatu, ezta sutara objekturik bota ere. Udal langileak arduratuko dira bi suak kontrolatzeaz, eta, gainera, debekatuta egongo da landa eremuetan sua piztea.
Orion, Harribilek urtero antolatzen duen ikuskizunari lotuta, elkartea eta udala Sorgin Gaua "ahalik eta modu seguruenean egiteko neurriak" aztertzen ari dira une honetan. Bihar goizean kaleratuko da ekitaldiari buruzko oharra, xehetasun guztiekin.