Eskualdeko zenbait baserri ezagutzeko aukera izango da 'Ongi etorri baserrira!' ekimenaren barruan

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 21a

Uztailaren 3an eta 4ean Beizamako Oiarbi-Saletxe baserriko behi limusinak eta txerriak, Errezilgo Basabe Barrenako sagastiak eta baserriko ogia, eta Zarauzko Mokoroa txakolindegia ezagutzeko aukera izango da. Bisitak doakoak izango dira, baina parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Zarauzko bisitarako plazak beteta daude jada. 

Ongi etorri baserrira! ekimenaren hamaikagarren edizioa egingo dute uztailaren 3an eta 4ean, eguneroko jakien jatorria ezagutzeko, eta mahaian dastatzen diren elikagaiak ekoizten dituzten baserritarrak bertatik bertara ezagutzeko. Hori hala, bi egun horietan, Gipuzkoako eta Bizkaiko baserritarrek euren baserrietako ateak zabalduko dituzte beren ikuiluak, baratzak eta landaguneak ezagutzera emateko. Ekimenean parte hartuko dute Beizamako Oiarbi-Saletxe baserriak, Errezilgo Basabe Barrena baserriak eta Zarauzko Mokoroa txakolindegiak ere. 

Uztailaren 3an, 11:00etan izango da Beizamako Oiarbi-Saletxe baserrira bisitan joateko aukera. Behi limusinak eta txerriak ezagutzeko aukera izango da han, eta haurrentzako tailerra ere izango da aukeran. Bisita euskaraz izango da. 

Uztailaren 4ean, berriz, bi bisita izango da dira aukeran eskualdean. Batetik, Errezilgo Basabe Barrena baserria ezagutu ahal izango da, 11:00etan hasita, hango sagastiak ikusiz eta baserriko ogia nola egiten duten ikasiz. Bestetik,  Zarauzko Mokoroa txakolindegiko mahastiak eta txakolina ezagutzeko aukera izango da, 11:30ean hasita, baina bisita honetarako plaza guztiak beteta daude jada. Bi bisita hauek gaztelaniaz izango dira. 

Ekimenaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, bisitak doakoak izango dira, baina horietakoren batean parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute honako lotura honetan. Izena emateko azken eguna ekainaren 30a izango da. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide