ETE eta KAE 1 ligetako bigarren jardunaldiak jokatu dituzte gaur eguerdian Pasaian (Gipuzkoa). Baliza batekin arazoak izan dituzte antolatzaileek estropadak hasi aurretik, eta hori konpondu ezinda, azkenean ezin izan dituzte estropadak lerrokatuta jokatu, lau kaletara. Banaka aritu dira 2. kaletik, erlojupekoan. Bi txandatan aritu dira emakumeak 11:20ean hasita, minutu bateko tartearekin ekinda lanari, eta gizonek, hiru txandatan banatuta egin dituzte lanak 12:00etatik aurrera.
ETE ligari dagokionez, atzo Astilleron (Espainia) Zarautzek eraman zuen ligako aurreneko bandera, Hondarribiari segundo bat aterata. Gaur, Hernaniko V. Banderan, bigarren txandan aritu dira bai Zarautz, bai Hondarribia, eta bi horiek egin dituzte bi denbora onenak ere, baina tokiak aldatuta: Hondarribiak sekulako bigarren luzea egin du, eta bandera eraman du 11:49:88 denbora eginda. Zarautzek 11:56:27 denbora egin du gaurkoan, eta hirugarren Kaiku izan da, 11:58:93 denboran helmugaratuta. Sailkapen orokorrean berdinduta daude Hondarribia eta Zarautz, 15 punturekin biak, baina Hondarribia da lider, azken garaipena berak eskuratu duelako.
KAE 1 liga ere atzo hasi zen toki berean, eta Zarautzek eraman zuen bandera han ere. Zarauztarrek eta zumaiarrek agindu zuten estropadan, eta pare-parean ibili ziren bukaerara arte. Azkenean, bandera Enbatak irabazi zuen bi segundoko aldearekin. Gaur, ordea, Deustu gailendu zaie zarauztarrei eta zumaiarrei, 20:47:70 denbora eginda –hirugarren izan zen atzo–. Alde nabarmenarekin nagusitu dira bizkaitarrak, Zarautzek 20:59:00 denbora egin baitu. Atzo bezala, gaur ere hirugarren izan da Zumaia, 21:14:27 denbora eginda.
Orioren bigarren ontzia ere liga horretara igo da aurten, eta azken bigarren izan ziren Orioko gazteak bai atzo, bai gaur. 22:48:45 denbora egin dute gaur Pasaian. Azkenean, ordea, postu bat gorago sailkatu da gaur, epaileek Astillero kaleratu egin dutelako berea ez zen beste kale batetik helmugaratu delako.
Harrera Zarautzi
Atzo irabazitako bi banderak ospatzeko, harrera egingo diete zarauztarrek Zarauzko Arraun Elkarteko bi ontziei. 19:00etan da hitzordua, Lege Zaharren Enparantzan.
Ohi bezala, udal ordezkariak udaletxean zain izango dituzte, eta hango balkoian astinduko dituzte atzo Astilleron irabazitako bi trapuak.
