Orio, Euskadiko Traineru Txapelketako garaile

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 7a

Euskadiko Traineru Txapelketa hartu du gaur goiz-eguerdi partean Getariak. Gizonezkoetan Orio nagusitu da, 20:44,34ko denborarekin. Getariak gogor borrokatu du, baina ez du podiumean sartzerik lortu. Traineruak 21 minutu 5 segundo eta 76 ehuneko behar izan ditu lanak amaitzeko. Beteranoetan Badok 13 izan da garaile, eta emakumezkoetan Arraun Lagunak.

Getarian jokatu dute gaur goiz-eguerdi partean Euskadiko Traineru Txapelketa. Orioko eta Getariako gizonen taldeek parte hartu dute, baita Zumaiako eta Badok 13 beteranoen traineruek ere. Atzoko garaipenaren ostean, asteburua borobildu dute gaur Orioko gizonezkoek: txapeldun izan dira estropadan. Beteranoetan Badok 13 izan da txapeldun, eta emakumezkoetan Arraun Lagunak nagusitu da.

Getariako kaleak talde guztietako zaletuz bete dira, eta hainbat eta hainbat arrapala ingurura ere gerturatu dira beraien taldeak animatzera. Eguraldia lagun, jardunaldi ederrari eman diote hasiera. Bikain egindako lan gogorraren ondoren, Oriok etxeratu du bandera, eta Euskadiko txapeldun bihurtu da. Getariak amaiera arte borrokatu du, baina ez du podiumean sartzerik lortu, laugarren postua eskuratuz.

Gizonezkoei dagokienez, lau luze eta hiru ziaboga egin behar izan dituzte estropadan, eta bi txandatan banatuta jokatu dute. Oriok bigarren txandan jokatu du, eta hasiera hasieratik nagusitu da, 20:44,34ko denborarekin. Donostiarra 3 segundo eta 39 ehuneko geroago iritsi da, bigarren postua eskuratuz. Getariak lehen txandan jokatu du, eta bere txandan bigarren helmugaratu den arren, sailkapen orokorrean laugarren gelditu da, Hondarribiaren (21:04,45) atzetik, 21 minutu 4 segundo eta 76 ehuneko denborarekin.

Gainerakoei dagokienez, bosgarren eta seigarren postuak Zierbenarentzat (21:06,46) eta Bermeorentzat (21:12,00) izan dira, hurrenez hurren. Lekittarrak (22:28,00) egin du zazpigarren, eta zortzigarren helmugaratu da Santurtzi (22:36,00).

Beteranoei dagokienez, bi luze eta ziaboga bat egin behar izan dituzte, eta Badok 13 traineruak lasaitasun handiz irabazi du, 10 minutu 45 segundo eta 52 ehuneko denborarekin. Zumaia, aldiz, azken lekuan helmugaratu da, Badok 13 baino 56 segundo eta 79 ehuneko beranduago. Getxok (10:58,44) eskuratu du bigarren postua, Mundakak (10:59,56) hirugarrena, Fortunak (11:07,57) laugarrena eta Illunbek (11:22,10)  bosgarrena. Halaber, Iberiak (11:28,75) eta Plentziak (11:32,03) eskuratu dituzte seigarren eta zazpigarren postuak.

Emakumezkoetan, Arraun Lagunak garaile

Emakumezkoetan ez da eskualdeko talderik lehiatu. Gaurkoan bi luze eta ziaboga bat egin behar izan dituzte, eta helmugaratzen lehena Arraun Lagunak taldea izan da, 11 minutu 21 segundo eta 81 ehuneko denborarekin.

Bigarren postua Tolosaldeak (11:31,11) eskuratu du, eta hirugarrena San Juanek (11:36,62). Helmuga zeharkatzen laugarrenak eta bosgarrenak Hondarribia (11:39,32) eta Kaiku (12:07,75) izan dira. Azkenik, seigarren Ondarroa (12:14,89) iritsi da, zazpigarren Deustu (12:15,56) eta zortzigarren Lekittarra (12:25,51).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide