Lurraldebusek autobus zerbitzu bereziak jarriko ditu Errezilgo sanantonioetatik "modu jasangarri, eroso eta seguruan" itzuli ahal izateko. Ekainaren 12tik 13rako goizaldean –ostiraletik larunbaterakoan– eskainiko dituzte autobus zerbitzu horiek Errezil eta Azpeitia artean. Goizaldeko 02:00etan eta 04:30ean irtengo dira autobusak Errezildik, eta Azpeitiko anbulategi aurreko geltokiraino joango dira. Errezilera joateko, berriz, autobusak ohiko ordutegiarekin ibiliko dira.
"Halako hitzorduetan garraio publikoaren zerbitzua indartzeak segurtasun handiagoa dakar, batez ere gazteentzat, eta hori garrantzitsua da", adierazi du Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuak. Halaber, ezinbestekotzat jo du udalerri txikiek kalitatezko garraio publikoaren zerbitzua izatea, "biztanleen bizi kalitatea hobetzea" ahalbidetzen duelako.
Koldo Arzallus Errezilgo alkateak, bere aldetik, autobus zerbitzu publikoa erabiltzeko deia luzatu du, "aukera egongo delako, bai Errezilera autobusez joateko, eta baita Azpeitira segurtasunez itzultzeko ere".
Ordutegi guztiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileei arreta zerbitzua emateko 900-30 03 40 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.